Laikoak aldarera

Uztarria.eus 2018ko abu. 18a, 12:29
Alejo Uranga eta Tere Zurdo, Urrestillako parrokian. (Mailo Oiarzabal)

Apaiz kopuruarekin batera murriztu dira elizkizunak, eta pisu gehiago hartzea tokatzen ari zaie Elizaren bueltan dabiltzan ez-erlijiosoei. Alejo Urangarekin eta Tere Zurdorekin hitz egin du Mailo Oiarzabalek Uztarriaren abuztuko zenbakirako erreportajea osatzeko.

San Juan egunean mezarik gabe gelditu ziren Oñatzen. Bertako festen egun nagusian urtero izaten dute elizkizuna; baina aurten igandea izan da ekainaren 24a, asteko meza egun nagusia, eta ezin izan zuten topatu elizkizuna zuzentzeko inor. Horregatik, San Juan bezperara aurreratu zuten meza oñaztarrek.

Oñatzen aurten gertatutakoa errealitate baten erakusgarria besterik ez da: apaizak urritzen ari dira eta elizkizunen kopurua ere bai, elizkoienarekin batera. Duela ez hainbeste urte gurean pentsaezina zena gertatzen ari da, eta gero eta gehiago dira, parrokia txikietan bereziki baina ez bakarrik, elizgizonen hutsuneak betetzen ari diren laikoak. Horietako bi dira Alejo Uranga (Urrestilla, 1957) eta Tere Zurdo (Urrestilla, 1975).

Urrestillako eta inguruetako parrokietako elizkizunetan urteetan monitore zein irakurle lanak bete ostean, duela lauzpabost urte zuzendu zuen lehen aldiz Hitzaren Liturgiaren ospakizun bat Urangak, Aratzerrekan. Eukaristiarik gabeko elizkizuna da Hitzaren Liturgia, ogiaren eta ardoaren kontsakraziorik gabea, baina mezaren balioa du. Aratzerrekako lehen ospakizun haren ondoren, Urrestillan zuzendu zuen hurrengo elizkizuna Urangak, eta harrezkero beste hainbat tokitan ere bete ditu eginkizun horiek: Matxinbentan, Nuarben, Beizaman... Lagun Onak Mendi Bazkunak deituta ere gidatu ditu azken urteotan Xoxoteko eta Txalintxoko egunetako elizkizunak; eta aurten, lehen aldiz, Santa Engrazira joateko ere deitu zioten. Joan den ekainean ere Xoxoten aritu zen, Azpeitiko jubilatuen urteroko txangoaren barruan.

Zurdo, berriz, Loiolako basilikako serora edo sakristaua da duela urtebete pasatxotik. Eliza nagusietan, behintzat, gizonen kontua izan da oraintsu arte sakristautza; hala ere, Zurdo ez da basilikako lehendabiziko sakristau emakumezkoa, bere aurretik aritu zena ere emakumea baitzen. Loiola "leku gustukoena" zuen lehendik ere Zurdok. Elizara zein pasierara, "isiltasun bila", baita hango gaixoak bisitatzera ere, "askotan" joaten zen, baina "harrituta" gelditu zen jesuitek sakristau lana eskainiz deitu ziotenean. Urteak dira Urrestillako parrokiako taldean lanean hasi zela, irakurle bezala hasieran, eta ardura gehiagorekin gerora; baina Loiolako elizkizunetan-eta inoiz parte hartu gabea zen. Orain, gehien bat asteburuetan baina ez asteburuetan bakarrik, basilikan egiten du lan eta "oso gustura" ari da. "Jainkoaren opari bat izan da niretzat", aitortu du. Loiolan lan egin arren, "Urrestillan laguntzen jarraitu ahal dezaket", dio.

Esker ona

Zurdok lagunduta zuzendu ditu hainbat elizkizun Urangak, baita Aratzerrekan zuzendu zuen aurreneko hura ere. "Jada ez nau kezkatzen jendearen harrerak, baina hasieran bai", dio Urangak. Lehen aldi haietan inguruan halako ikusmin bat sortu zela kontatu dute biek. Aratzerrekara Urrestillako jende dezente joan zela gogoratu dute, eta Urrestillan bertan lehen aldiz egin zutenean "jendetza" elkartu zen elizan. "Lagun batzuek-eta txantxak egiten zizkidaten, 'meza berria eman behar omen duk', 'Alejo meza ematera zihoak' eta horrelakoak esanez. Baina ikusmin eta guzti, polita izan zen", gogoratu du Urangak. "Jendea etortzen zen ikustera, nobebade bat ikustera joaten dena bezala, estreinaldi bat edo", gaineratu du Zurdok.

Elizkoien harrera onak uxatu dizkie kezkak. Elizkoi gehienak edadetuak izanda, aldaketak haiengan izan zezakeen eragina zegoen, neurri handi batean, aipatutako kezken oinarrian. "Baina uste dut zaharrak gu baino azkarragoak direla, eta akordatuta daude hemen zer arazo datorren, apaizak gastatzen doazen heinean. 'Hauek onartzen ez baditugu, hau hementxe bukatzen duk'", laburbildu du Urangak. Zurdoren ustez, berriz, "jendea gustura sentitzen" da laikoak eginkizun berriotan ikusita: "Uste dut ikusten dutela Eliza denok osatzen dugula, ez bakarrik apaizek. Ikusten dutenean jende gehiago dagoela, apaizez gain, erlijiosoak ez direnak, uste dut horrek jendeari on egiten diola. Konturatzen dira hemen daudela pertsona batzuk fedea daukatenak, beraien parekoak direnak".

Hain zuzen ere, jendearen esker ona da nabarmentzen dutena, Elizan egiten duten lanaren sari nagusi gisa: "'Hauek zertan ari dira?', esango dute askok, baina niri izugarri gustatzen zait, jendeak eskertu egiten dizulako; eta jendearen esker on hori, niretzako dena da", dio Urangak. Etxetik irten ezinda dauden gaixoei astero jauna ematera joaten denean jasotzen duen eskertza ere horren adibide moduan azaldu du.

Zerbitzu baten bermea

Apaizak ez ezik, elizkoiak ere gastatzen ari direla jakitun dira Uranga eta Zurdo. "Batzuk izango dira mezetara beti etorriko direnak, baina gazteen artean, fededunak direnen artean ere bai, ohitura hori bukatzen ari da, lehengo astero elizara joate hori". Dena den, momentu eta ospakizun jakinetan, hiletetan edo jaiegun berezietan, elizarako joera jende askok mantentzen duela dio. "Eta nahiz eta elizara ez etorri, jende horri berari etxean zerbait gertatzen zaionean, heriotzaren bat, edo bataioren bat egin nahi badute, badakite hor zerbitzu bat dagoela martxan". Zerbitzu horren bermeari eustea da, Urangaren aburuz, etorkizunean Elizari tokatu ahal zaiona.

"Ez baldin badago elkarte bat elizara joaten dena, hori mantentzen saiatzen dena, pixkanaka galtzen joaten da", dio, bere aldetik, Zurdok. Azken belaunaldietan galtzen joan den transmisioan ikusten du gakoetako bat: "Fedea transmititzeko, bizi egin behar da. Ez baldin bada bizitzen, zaila da transmititzea. Elizaren eragina gizartean mutur batetik bestera pasatu da". Harrobia lantzea ezinbestekoa iruditzen zaio, eta azken urteetan jorratzen hasi diren familia mezak bezalakoak tresna interesgarriak direla uste du. "Azkenean, formulak bilatu behar ditugu".