Ujala Mehreen: "Hemengoa sentitzen naiz; azpeitiarra"

Uztarria.eus 2018ko abu. 13a, 17:55
Ujala Mehreen. (Ane Olaizola)

Duela zortzi urte iritsi zen Ujala Mehreen Pakistandik Azpeitira. Egun, azpeitiartzat du bere burua, eta ez du jaioterrira bizitzera itzultzeko asmorik. Mehreenekin hitz egin du Ane Olaizolak abuztuko Uztarria aldizkarian, 208. zenbakian.

Lanak bultzatuta etorri zen Ujala Mehreenen familia Pakistanetik Azpeitira. Hasierako urteak gogorrak izan ziren gaztearentzat, baina pixkanaka herrira egokitu da, eta dagoeneko bere egiten du Azpeitia.

Erraztasunez hitz egiten du euskaraz, eta esker onekoa da azpeitiarrekin. Zerk bultzatuta utzi zenuten Pakistan?

Lehenengo aita etorri zen Azpeitira bizitzera, eta hemen lana aurkitu zuen. Bere nahia zen familia ere hona ekartzea, eta lanean kontratu mugagabea egin ziotenean, agiri guztiak lortzen hasi zen gu ere hona etortzeko. Guztia egindakoan etorri ginen familia osoa Azpeitira: ama, bi anaiak eta ni. Aitak lan kontuengatik utzi zuen Pakistan. Han bazegoen lana, baina gutxi, eta handik ateratzea nahi zuen. Lehenengo Kuwaitera joan zen, eta handik Saudi Arabiara. Ondoren, Herbehereetan egon zen lanean, eta handik etorri zen Euskal Herrira bizitzera.

Zergatik aukeratu zenuten Azpeitia bizileku?

Aitak Beasainen egiten du lan, eta hemen zuen bizitokia. Beraz, gu ere zuzenean Azpeitira etorri ginen, eta orduz geroztik, hemen bizi gara.

Nola oroitzen duzu Pakistandik Azpeitira etorri zinen bidaia hura? Zein ziren zure orduko beldurrak?

Hegazkinez etorri ginen Euskal Herrira, eta beldurrik ez nuen, baina gogoratzen naiz oso triste nengoela. Izan ere, familia eta lagun guztiak Pakistanen utzi nituen. Herria atzean uztea eta leku berri batera joatea tristea da hasiera batean.

Azpeitira iritsi eta lehenengo hilabeteak nolakoak izan ziren?

Garai oso txarra izan zen niretzat. Izan ere, Pakistango jende oso gutxi zegoen artean herrian, eta lagun gutxi nituen hemen. Urte oso gogorrak izan ziren hasierakoak, eta ni ez ezik, familia osoa egon ginen triste. Lehenengo bi urteetan gaizki pasatu genuen, batez ere amak. Izan ere, nik eta nire bi anaiek eskolan denbora asko ematen genuen, baina ama bakarrik egoten zen etxean. Azken urteetan, ordea, Pakistandik gero eta familia gehiago etorri da Azpeitira bizitzera, tartean nire osaba eta bere semeak, eta orduz geroztik askoz hobeto gaude. Irailean zortzi urte egingo ditugu Azpeitian, eta orain oso gustura bizi gara bertan.

Urduz eta ingelesez zenekien Azpeitira etorri zinenean, eta euskaraz eskolan ikasi duzu.

Euskaraz ikasteak denbora eskatzen du, eta ikasi arteko prozesua gogorra izan da. Azpeitira etorri nintzen lehenengo hilabetean, EPA Helduen Hezkuntza Iraunkorrera joaten hasi nintzen. Han esan zidaten herriko beste ikastetxeetan ere ikas nezakeela, eta EPAn hasi eta hilabetera Urola Ikastola BHIn matrikulatu nintzen. Han ikasi nuen euskaraz, eta egia esan, asko kostatu zitzaidan. Ingelesez zekien irakasle bat zegoen han, eta nik ere ingelesa banekien. Ingelesak elkar komunikatzeko balio izan zigun, eta irakasle hark azaltzen zizkidan euskaraz ikasi beharrekoak eta halako kontuak.

Dagoeneko ondo ikasita duzu euskara. Norekin praktikatzen duzu?

Euskaraz ez dut bikain hitz egiten, baina ondo moldatzen naiz. Kalean, gehienetan, euskaraz hitz egiten dut, eta gustatzen zait hala hitz egitea. Lagun pakistandarrekin eta familiarekin urduz egiten dut, baina bertako jendearekin beti euskaraz.

Zertarako balio izan dizu euskara ikasteak?

Azpeitiko herritarrekin harremanak modu egokian edukitzeko euskaraz jakitea komenigarria dela uste dut. Azpeitiarrek, batez ere, euskaraz hitz egiten dute, eta haiekin egon ahal izateko egokia da euskara ikastea.

Azpeitiarrek nola hartu zaituzte herrian?
Ondo. Oso jatorrak dira azpeitiarrak. Horiekin hitz egiten hasten zarenean, laguntzeko prest agertzen dira beti, eta besteak errespetatu egiten dituzte.

Azpeitira etorri zinenetik, inoiz itzuli al zara Pakistanera?

2015ean joan nintzen hara. Denbora asko zen hara joan ez nintzela, eta egia esan, beti bezala aurkitu nuen herrialdea. Bazeuden gauza batzuk aldatuta, baina ez nuen berrikuntza handirik sumatu. Hasiera batean, han bizitzeko asmoarekin joan ginen Pakistanera ama eta biok, baina han geundela erabaki genuen berriz Azpeitira itzultzea. Orduan bost hilabete egin genituen Pakistanen, baina Azpeitira itzuli nintzenean, ez nuen ezer askorik sentitu; ez nengoen triste, hemen gustura bizi bainintzen. Hemen hobeto bizi naiz, eta hemengoa sentitzen naiz; azpeitiarra. Azpeititik irteten dudanean, herrira noiz eta nola itzuliko naizen galdetzen diot neure buruari. Oso gustura sentitzen naiz hemen. Gainera, nire senideek ere Azpeitian bizi nahi dute, eta hori horrela izanik, ni nola joango naiz, bada, Pakistanera bizitzera?

Inoiz ez duzu pentsatu bizitzera Pakistanera itzultzea?

Oraingoz, behintzat, ez dut halako asmorik buruan; horregatik nago hemen lanean. Laster ezkontzera joango naiz Pakistanera, baina berriz hona itzuliko naiz. Hemendik urte batzuetara ez dakit non egongo naizen, baina uste dut Azpeitian jarraituko dudala. Orain daukadan lana galduko banu, beste bat bilatuko nuke hemen bertan.

Zaintzaile lanetan aritzen zara Azpeitian. Gustatzen al zaizun lana da, edo halabeharrez egiten duzuna?

Erizain laguntzaile ikasketak egin nituen, eta, beraz, arlo horretan egin nahiko nuke lan. Baina gustura egiten ditut zaintzaile lanak ere. Emakume euskaldun baten etxean egiten dut lan. Azpeitian bizi naizenetik, euskaraz bai, baina gaztelaniaz ez dut ikasi, eta batzuetan gaztelaniaz hitz egiten dut zaintzen dudan andrearekin, hizkuntza hori ere ikas dezadan. Lanean bi ordu izaten ditut egunero atseden hartzeko, eta etxera edo paseora joaten naiz tarte horretan. Aurretik, Eibarko baserri batean aritu nintzen zaintza lanetan, eta han sartuta aste osoa igarotzea kartzelan egotea bezalakoa zen niretzat. Orain, ordea, oso gustura nago.

Azpeitian bizi zareten Pakistango komunitateko kideak elkartzen al zarete zuen ohiturak praktikatzeko?

Erlijioari dagokionez, otoitz egiteko meskitara joaten dira gizonezkoak, eta emakumeek etxean egiten dute errezoa. Gainontzean, bataren edo bestearen etxeetan elkartzen gara batzuetan, batez ere, festetan. Urtean bi jai egun ditugu: bata, ramadana amaitzen den eguna, eta bestea, handik bi hilabete eta hamar egunera ospatzen duguna.

Zortzi urte Azpeitian bizi eta gero, jendeak oraindik etorkintzat hartzen al zaitu?

Egia da herritar batzuek oraindik etorkin bezala hartzen gaituztela, baina denetariko jendea dago. Dena den, beste zenbaitek euskalduntzat ere hartzen nau.

Azpeititik zer gustatzen zaizu gehien?

Herritarrekin hitz egitea gustatzen zait gehien. Asko laguntzen duen jendearekin egin dut topo herrian, eta besteez gaizki hitz egiten ez duen jendea ere ezagutu dut. Hori oso gogoko dut.

Jendeak ba al du zuen herriarekiko eta kulturarekiko interesik?

Ez dit jende askok galdetzen Pakistani buruz, ez da oso ohikoa izaten, baina konfiantza daukadan pertsonek eta lagunek jakin nahi izaten dute zerbait nire herrialdeari buruz. Oso herrialde polita da Kaxmir, eta jende asko joaten da hara. Nire herrialdeak badu Euskal Herriarekin antzekotasunik, oso menditsuak baitira biak.