Mikel Maiz: "Nahiz eta euskaldunak asko ez izan, oro har, Australian asko bildu gara"

Berria.eus 2018ko abu. 13a, 12:17
Mikel Maiz Newport herriko Bungan hondartzan. (Mikel Maiz)

Ozeano Bareko koral harresiaren atzean, naturak paradisu bat ezkutatzen du: Australia. Aberatsa da landarediari eta aberediari erreparatuz; fokua kultur aniztasunean jarrita, ordea, are aberatsagoa. Txinatarrak, indiarrak, brasildarrak... jatorri nahasketa horretan, euskaldunik ez da falta. Mikel Maiz azpeitiarrarekin hitz egin du Berriak erreportajea osatzeko.

Australiako lan merkatuak eta bidaiatzeko aukerek erakarri zuten Mikel Maiz (Azpeitia, Gipuzkoa, 1993). Ingelesa zertxobait hobetzeko asmoa ere bazuen Euskal Herritik alde egitea otu zitzaionean. Gerora, ordea, hango klimak harrapatu du Maiz: behin eta berriz atzeratu du etxera bueltatzeko bidaia. Avalonen bizi da orain, Sydneytik 37 kilometrora dagoen herri batean, eta azarora arte gelditzeko asmoa du. Maizek adierazi duenez, "bihotzean" sortu zitzaion bulkada baten ondorioz hartu zuen Australiara joateko erabakia: "Bi lanetan ari nintzen Azpeitian; nazkatu, eta egun batetik bestera erabaki nuen Australiara etortzea". Duela urtebete, ingelesa justu-justu ulertzen zuen Maizek, hitz egiten, ordea, ia ez zekien. Ia urtebete igaro da azpeitiarrak lehenengoz Australiako lurrak zapaldu zituenetik, eta ez da erabakiaz damutzen.

Ostatu batera joan zen Maiz Australiara iritsi bezain laster. Han lan aukerak eskaini zizkioten kontaktuak ezagutu zituen. Orduz geroztik, lanean ibili da: eraikuntza lanetan hasieran, eta lorezaintzan orain. Etxe aldaketetan laguntzen ere noizbehinka aritu da. Dena, ordea, ez da positiboa. Maizek adierazi duenez, Australiako egoera "ezegonkorra" da bera bezalako langileentzat: "Lan finkoa lortu ezean, egunez egun egin behar da lan. Horregatik, askotan zaila da bost egunez jarraian lan egitea: batzuetan, astean hiru egunetan aritzeko lana besterik ez dut lortu".

Turista bisak eman zion azpeitiarrari Australian denboraldi bat igarotzeko aukera; ez, ordea, han lan egitekoa: horregatik, Maizen lan baldintzak ez dira onenak izan. Urtebeterako eman zioten turista bisa azpeitiarrari. Hala ere, hiru hilabete Australian egin ondoren, herrialdetik irten behar izan zuen. Orain, berriz itzuli da Australiara, eta, jada, lau hilabete eta erdi eginak ditu han. Bisa luzatzeko eskatu du, eta denbora gehiago egongo da Australian.

 

Jarraitu erreportajea irakurtzen honako lotura honetan.