Aitor Zubizarreta: "Saskibaloiak leku eta pertsona berriak ezagutzeko aukera ematen didan bitartean, aprobetxatu egingo dut"

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko abu. 8a, 13:29

Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalariak Espainiako Urrezko LEB Ligako Trapa Palencia taldearekin jokatuko du datorren denboraldian. Egunotan Azpeitian ari da entrenatzen, eta "ilusioz" dago sasoi berrirako.

Aitor Zubizarreta. (A. Z.)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Trapa Palencia klubarekin fitxatu berri duzu. Nola hartu zenuen berria?

Ondo, gustura. Aldaketa bat behar nuen uda honetan. Bilbao Basketen jarraitzeko eskaintza izan nuen, baina kirol aldetik ez zen hori aurten komeni zitzaidana. Trapa Palencia beti izan da punta-puntako taldea Urrezko LEB Ligan, eta gustura nago hara noalako.

Bilbao Basketekin hiru urterako kontratua sinatu zenuen iaz. Akordio hori eten egin duzu, beraz?

ACB ligatik jaitsi egin zen taldea, eta orduan hitzarmeneko kontu batzuk berriro negoziatu behar izan genituen. Bi aldeak ez ginen akordio batera iritsi, nahiz eta nik han jarraitzea nahi zuten beraiek. Azkenean, Trapa Palencia eta beste talde batzuk azaldu ziren, eta uztail bukaeran Palentziako taldearekin sinatu nuen kontratua. Jada Bilbao Basketekin ez dut loturarik.

Zergatik egin zitzaizun erakargarriagoa Trapa Palenciaren eskaintza Bilbao Basketena baino?

23 urte izanda, kirol aldetik, askoz aukera hobea iruditu zaitzaidan niretzako. Bilboko taldearekin ez dakit Palentzian jokatuko dudan adina jokatuko nukeen; neukan rolarekin ez nituen minutu asko izango, eta Trapa Palencian beste rol bat izango dudala pentsatzen dut, ardura gehiago izango dudala, alegia.

Zer erronka jarri dizkiozu zure buruari denboraldi berriari begira?

Ez ditut urte osora begirako erronka luzeak jartzen. Neure buruari erronkak egunero jartzea gustatzen zait, eta erronka bakarra izaten da disfrutatzea. Egunero gozatzen baldin badut, gauzak ondo irteten ari diren eta jokalari bezala hobetzen ari naizen seinale izango da. Eta nire erronka bakarra hori da: jokalari bezala hobetzea eta ahal den partida gehiena irabaztea Trapa Palenciarekin.

Zer duzu oraindik hobetzeko?

Denean hobetu behar da pixka bat. Baina gauza bat esatekotan, jaurtiketan hobetzea nahiko nuke. Beti izan naiz jokalari arriskutsu samarra erasoan, jaurtiketa nahikoa onarekin, baina joan den denboraldian ez nituen saskiratze asko lortu. Neure buruarekin lehen nuen konfiantza berreskuratu nahi dut, eta pixka bat arriskutsua izatea erasoan.

Noiz joango zara Palentziara?

Abuztuaren 26aren bueltan. Data horien bueltan hasiko dugu denboraldi aurrea.

Bitarte horretan, non ari zara entrenatzen?

Azpeitian. Goizetan entrenatzen dut, prestatzaile baten laguntzarekin. Momentuz, denboraldi aurrerako prestatzen ari naiz.

Ezagutzen al duzu Palentzia?

Ez naiz behin ere han izan [barreak].

Eta taldekide berriak?

Ia denak ezagutzen ditut bistaz. Baina bat ezagutzen dut, batez ere: Urko Otegi pasaiarra. Urte asko daramatza Trapa Palencian, taldeko beteranoa da, eta ligako jokalari onenetakoa ere bada. Euskal Selekziotik-eta ezagutzen dut, eta berarekin bakarrik daukat harreman zuzena. Gainontzekoek Whatsapp bidez egin zidaten ongietorria.

Saskibaloian soilik jarriko duzu arreta denboraldi honetan, edo beste zerbait egiteko asmoa ere baduzu?

Enpresa ikasketak eginda ditut, eta oraindik ez dakit, baina denbora libre dezente izaten dugunez, agian aurtengo urtea master bat egiteko aprobetxatuko dut.

Azken denboraldia Azpeitian egin duzu, Sammmic ISB taldearekin. Zer balorazio egiten duzu sasoi horretaz?

Balorazio txarra ez nuke egingo. Azken partidara arte aritu ginen lehian, mailari eusteko helburuarekin. Dena gure alde zegoen azken partidara arte, baina oso gaizki jokatu genuen azken neurketa. Hamabi garaipen lortu genituen urte osoan, eta aurreko denboraldian, 11 garaipenekin mailari eustea posible izan zen. Oso liga parekatua izan iazkoa, eta azken neurketara arte, bost talde egon ginen borrokan. Zoritxarrez, gu izan ginen jaitsi ginenak, baina ez dut urte osoko balorazio txarra egiten.

Palentziara joanda ere, Iraurgiren partidak jarraituko dituzu?

Txiki-txikitatik entrenatu dut talde horrekin. AEBetan egon nintzenean ere, Internetetik ikusten nituen beti partidak, eta orain ere halaxe egingo dudala pentsatzen dut. Gainera, Azpeitira etortzeko aukeraren bat baldin badut, partidak zuzenean ikusteko aprobetxatuko dut. Bi ordu eta erdi daude autoz Palentziara, eta pentsatzen dut egun batzuk libre edukiz gero, betiere Azpeitira etortzeko aprobetxatuko dudala, lagunekin eta familiarekin egoteko

Saskibaloia dela eta, batetik bestera zabiltza azken urteotan. Portlanden (Oregon, AEB) lau urte eman ostean, Azpeitian egin duzu urtebete, eta orain berriro atzerrira joango zara. Erraz moldatzen al zara leku berrietara?

AEBetara joan nintzenean, bi urte leku batean egin nituen eta beste bi beste leku batean, eta Azpeitian nagoenean, pixka bat mugitzeko gogoa ere sartzen zait. Ez zait axola nora joan, eta gustatzen zait toki ezberdinetan egotea. Saskibaloiak leku eta pertsona berriak ezgautzeko aukera ematen didan bitartean, aprobetxatu egingo dut.

Ez al duzu herria faltan sumatzen?

Bai, bai. Azkenean, joaten naizenean, faltan botatzen ditut herria, lagunak eta familia. Horregatik gustatzen zait bueltatzea, baina beti egoten da bueltatzeko aukera.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu