Lasterkaz harago

Uztarria.eus 2018ko abu. 4a, 21:00
Asier Cuevas. (Basque Team)

Munduari pare bat buelta emateko adina korrika egin du Asier Cuevasek. Lasterkaria ez ezik, ingeniaria eta gastronomia zalea da. Olaia Iraola kazetariak haren bizipenekin uztaileko Uztarria aldizkarirako osatutako erreportajea da honakoa.

"Ihes egiteko bidea, zure buruarekin egoteko unea". Hori da Asier Cuevas (Eibar, 1973) korrikalariarentzat atletismoa, besteak beste. Txiki-txikitatik gustatu izan zaio kirol hori egitea; hain zuzen ere, 6 urte zituela hasi zen eskolarteko lasterketetan parte hartzen.

12-13 urte zituela ohartu zen kirol guztietan gehien atletismoa gustatzen zitzaiola, eta kirol hori "serioago" hartzen hasi zen. Gaur egun, korrika egitea "behar-beharrezkoa" du: "Eguneroko gauzen, arazoen, lanaren, familiaren eta beste hainbat gairen inguruan pentsatzen dut korrika egitean, gogoetak egiteko aprobetxatzen dut".

Atletismoari esker, munduko hainbat leku ezagutzeko aukera izan du Cuevasek. "Gustuko dut bidaiatzea, gauza berriak ikastea eta jendearekin esperientziak bizitzea". Hark dioenez, "oso bizipen onak" izan ditu lasterketak tarteko egin dituen bidaietan.

BAT Basque Teamen beka batek babesten du Cuevas, eta uste du laguntza handia direla horrelako sostenguak. Gainera, New Balance taldeko kide ere bada, eta behar duen material guztia eskaintzen dio etxe horrek. Hala ere, behin pertsona adin batera iristen denean eta ardura ezberdinak hartzen dituenean, uste du atletismoak ez duela "bizitzeko adina" ematen. "Beste kirol batzuetatik, futboletik adibidez, bizi daiteke. Ondo iruditzen zait futbolariek dirua irabaztea, baina nire etikari jarraituta, uste dut irabazten duten diru kopurua gehiegizkoa dela. Izan ere, Nobel Sari bat irabazten duenak baino diru gehiago jasotzen dute horiek".

Futbolzalea ez da eibartarra, baina "gustura" dago bere herriko taldea Espainiako Lehen Mailan dagoelako: "Talde txikia eta xumea da Eibar, ordainketekin-eta inoiz arazorik izan ez duena. Gainera, klubak irabazien zati bat inguruko kirolari batzuei ematen die".

Teknologia erronka

Atleta izateaz harago, Cuevas ingeniaria ere bada. Industria maisu ikasketak egin eta gero, Toribio Etxeberria izeneko beka lortu zuen duela hogei urte. Ordutik hona Eibarko Tekniker enpresan aritu da lanean, fabrikazio eta muntaien diseinuko sailean. "Makina erremintak, tresnak eta saiakuntza-bankuak diseinatzen ditut gehienbat" esan du. Une askotan "lan estresagarria" izanagatik eta askotan arazoak konpontzea zaila izan arren, gauza berriak egitea gustuko duela azpimarratu du: "Teknologia erronkak gustuko ditut, sormen handikoak dira, eta are gusturago egiten ditut lankide onekin".

Ehun kilometro 06:35:39 denboran egiteko pertsona saiatua den moduan, bere egunerokotasunean ere pertsona arduratsua dela uste du Cuevasek. "Nire errutinan mila gauza egiten ditut, eta horiek modu ordenatu batean gauzatzea gustatzen naiz".

Eguna "motzegi"

Cuevasen eguna 06:00etan hasi eta 23:00etan amaitzen da. Lana goizez edo arratsaldez egiten du, eta horren arabera antolatzen ditu entrenamendu saioak: batzuetan lanera sartu aurretik, eta besteetan, aldiz, lanetik irtetean prestatzen da. Goizetako entrenamendua enpresan bertan egiten du, eraikinari birak emanez; arratsaldeetakoa, berriz, ezberdina izaten da: "Saio luzeagoak egiten ditut, aldapadun tokietan".

Egunak 24 ordu baino gehiago izatea gustatuko litzaioke korrikalariari; izan ere, egunerokotasunean lana, korrika egitea eta familia uztartzea ez dela erraza azaldu du. "Zorionez, ordu gutxitan asko deskantsatzen duen per-tsona horietakoa naiz, eta horrela eguneko orduak gehiago aprobetxatzeko aukera izaten dut".

Askotan zaila egiten zaion arren, ahal duenean bere afizio txikiei tartea egiten ahalegintzen da Azpeitiko bizilaguna, baditu-eta zaletasunak. Mendira joatea, iraupen-eskia egitea eta bizikletan ibiltzea ditu gustuko afizioak, besteak beste. "Egia esan, gehien jarraitzen dudan kirola, atletismoa eta gero, txirrindularitza da".

Kirolaz gain, badu beste hobby bat ere: gastronomia. Izan ere, sukaldaritza asko gustatzen zaio Cuevasi. "Jatorduak presatzea zein jatea, biak gustatzen zaizkit, baita jaki berriak prestatzen ikastea ere". Ardoa dastatzea ere atsegin du kirolariak, nahiz eta orain gutxira arte abstemioa zen. Gauzak zer diren, baina: "Aitaginarrebak erakutsi zidan ardoa edaten, eta orain asko gustatzen zait; beti ere tamainan, noski".

Etorkizunari begira

45 urte bete ditu aurten Cuevasek, eta badaki lehenago edo beranduago atletismoko erronkak utzi beharko dituela. Hala eta guztiz, argi dauka ahal den neurrian korrika egiten jarraituko duela. Etorkizunean zer pasatuko den ez dakien arren, argi du bizitza lasaiagoa izatea gustatuko litzaiokeela: "Nire familiaz inguratuta bizi nahi dut, kirola eginda eta benetan zoriontsu egingo nauten gauzez inguratuta".

Bi seme ditu korrikalariak, eta etorkizunean haiek ere kirolen bat egitea gustatuko litzaiokeela adierazi du. "Dena den, beraiek zorion-tsu izatea nahi dut, eta beraiek benetan gustuko dutena egitea. Edozertan laguntzeko prest izango gaituzte bai Onintza emaztea eta bai ni".