Sueltoan, baina biak batean

Uztarria.eus 2018ko abu. 3a, 14:47

Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrek hasiera bikaina eman diote dantza sueltoko txapelketen denboraldiari: Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri dute.

Ez bat, ez bi eta ez hiru. Amets Amubietak (Azpeitia, 1997) eta Larraitz Larrañagak (Azpeitia, 1999) dozenaka txapel, zapi eta garaikur dituzte etxean. Azkena joan den astean bertan eskuratu zuten, Errenteriako Madalen jaietan, Gipuzkoako Dantza Sueltoko 69. Txapelketa irabazita. Duela bi urte ere jantzi zuten Gipuzkoako txapela, eta Amubietak 2014an ere bai, ordukoan Maialen Aldalur bikotearekin. Baina ez pentsa horregatik oraingoak ilusio txikiagoa egin dienik. "Normalean, hiru edo lau bikoteren artean izaten dugu lehia, baina desberdina izaten da egun bakoitza, eta aurrez sekula ez dugu jakiten zeinek irabaziko duen", dio Larrañagak. "Gainera, askotan epaimahaiaren iritzia ez da bat etortzen zeuk izan dituzun sentipenekin. Horregatik, irabazteak beti ematen du sekulako poza", Amubietaren arabera.

Gazteak izanagatik, dantzan urte mordoa daramate biek ala biek, Luis Alberdi Beltza-k Azpeitian duen dantza eskolan. Lagun guztiak hasi zirelako ekin zion Larrañagak, "bakarrik ez gelditzearren"; Amubietak, berriz, bere bi arrebak ere ibiltzen zirelako. Sei bat urte izango zituzten dantzan hasi zirenean, eta zortzi edo bederatzi txapelketetan parte hartzen hasi zirenean. 2014ra arte, ordea, ez ziren bikote. Amubieta Maialen Aldalurrekin aritzen zen, eta Larrañaga, Jon Ibarzabalekin.

Amubietak gogoratu du asko kosta zitzaiola ordura arteko bikotea hautsi eta dantzan lagun berriarekin hasteko erabakia hartzea. "Maialenek eta biok punta-puntan geundenean utzi genion bikote izateari, Euskal Herriko txapela irabazi genuenean, eta ez zen erabaki erraza izan; pena handia eman zidan". Dantza bikotekidea kanpora zihoan ikastera. "Eta planteatu genuen elkarrekin jarraitzea ere, berak kanpoan entseatuz eta nik hemen. Baina negua gogorra egingo zitzaigula iruditu zitzaigun. Larraitzekin hasteko aukera suertatu zitzaidan orduan". Eta probatzea erabaki zuten. "Aurtengoa laugarren urtea dugu elkarrekin". Bikotekiderik gabe gelditu berria zen Larrañaga ere. "Dantza utzi beharko nuela ere pentsatu nuen, ez baitzegoen beste mutilik. Baina orduantxe erabaki zuen Maialenek kanpora joatea, eta elkarrekin proba egiteko esan zigun Luisek".

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.