Arantza Lasa: "Herritarren artean, txokolatea saltzen da gutxien"

Uztarria.eus 2018ko abu. 2a, 18:03
Arantza Lasa, Sanjuandegi auzoan duen gozotegian. (Mireia Galarza)

Familiakoen laguntzarekin, 18 urte besterik ez zituela ireki zuen gozoki denda Arantza Lasak. Ez du imajinatzen bere bizitza dendarik gabe. Mireia Galarza kazetariak elkarrizketa hau egin zion uztaileko Uztarria aldizkariaren Zu zeu atalerako.

Noiz eta zergatik ireki zenuen gozoki denda?

1983ko maiatzaren 25ean ireki nuen, orain dela 38 urte. Igerilekua ere data horren inguruan zabaldu zuten, eta gozoki denda irekitzeko aukera polita izan zitekeela iruditu zitzaidan.

Zein da hainbeste urtetan irauteko sekretua?

Gakoa bezeroak ondo tratatzean dagoela uste dut.

Lan gogorra al da?

Pazientzia behar da. Alde batetik, asteburuetan ere dendan egon behar izaten dudalako, eta, bestalde, eskuluze batzuk ere ibiltzen dira, eta uneoro begiratu behar zaie.

Urteko egun guztietan irekita...

Bai. Urteko 365 egunetan egoten da irekita denda. Itxi izan dudanetan, oso arrazoi potoloengatik izan da.

Tentazio ugari zuretzat ere, ezta?

Bai, gehiegi. Gozozalea naiz, eta ordu batetik aurrera, gainera, gosea sartzen zait, eta tentazioan erortzen naiz.

Zer saltzen da gehien? Eta gutxien?

Gominolak eta patatak gehien. Gainera, kukurutxoak ere saltzen ditugu –guk geuk egindako gozoki zorroak–, bai urtebetetzeetarako edo ezkontza, jaunartze eta bataioetarako. Herritarren artean, txokolatea saltzen da gutxien; badirudi ez garela txokolate zaleak.

Umeak ez ezik, helduak ere joango dira gozokiak erostera, ezta?

Bai, umeen aitzakiapean guraso asko etortzen dira gozoki bila. Batzuetan, gainera, umeak bidaltzen dituzte dendara familia osoarentzat gozokiak erosteko. Horrez gain, esango nuke, dendara, orokorrean, heldu gehiago hurbiltzen direla.

Anekdotarik?

Aurpegi ezagun asko igaro dira hemendik: Goenkaleko Maria Luisa eta Jose Mari, Bricomaniako Iñigo Segurola, Barbara Goenaga aktorea txikitan...

Imajinatzen al duzu zure bizitza gozoki dendarik gabe?

Gogorra izango litzateke. Pazientzia behar den arren, harreman estua sortzen da bezeroekin. Itxiko banu, zerbait falta zaidan sentipena izango nuke.