Saninazioak 2018

Eñaut Agirregabiriak eta Mikel Zalduak irabazi dute Marea Arroxaren I. Gixau Txapelketa

Uztarria.eus 2018ko abu. 1a, 19:00

Marea Arroxak antolatutako I. Gixau Txapelketak hartu du plaza gaur, abuztuak 1, eguerdian. Aurremantalak jantzi, eta jai giroan jatekoa prestatzera animatu dira txapelketan izena eman duten hamazazpi taldeetako lagunak. Erlojuak 12:00ak jo ostean hasi dira gisatua prestatzen parte-hartzaileak, eta dozenaka herritar bertaratu da horiek sukaldean nola aritzen diren ikustera, eta bitartean, gisatuak dastatzera. Epaimahaiko kideak 14:00ak aldera hasi dira jakiak probatzen. Umorea alde batera utzi gabe, mahaitik mahaira ibili dira plater bakoitzari puntuazioa ematen. Aurtengo epaimahaiko kideen arabera, Eñaut Agirregabiriak eta Mikel Zalduak prestatutako gisatua izan da goxoena. Irabazleek Sakona etxalde ekologikoaren produktuz osatutako otarrea jaso dute Marea Arroxako kideen eskutik, plazan elkartutako lagunen txalo zaparrada artean. 

Behin Gixau Txapelketarako azpiegitura jasota, Gixaujana egin dute bertan parte hartu dutenek eta haien senide zein lagunek Azoka Plazan. 

Hamar urtez bakailao txapelketa antolatu ondoren, aurten antolatu du aurrenekoz Gixau Txapelketa festa herrikoien aldeko batzordeak. Marea Arroxako kideek azaldu zutenez, "hainbat hausnarketa egin eta gero" erabaki zuten aurten txapelketaren formatua eta osagaia aldatzea. "Abuztuaren 1eko prestaketek ardura asko eskatzen dute, eta azken urteetan horiei guztiei erantzuteko indar faltan sumatu dugu gure burua. Urtero deitu izan dugu boluntarioen batzarra, baina ez dugu behar adina laguntza jaso", azaldu zuten batzordeko kideek. Hurrengo urtean zein txapelketa egingo duten ez badakite ere, "pozez" agertu dira gaurko hitzorduak izan duen harrerarekin.