Idoia Uranga: "Jakitun izan behar zara lanean zaudela ikus-entzuleei esker"

Urola Kostako Hitza 2018ko abu. 1a, 13:40
Idoia Uranga Go!azenen platoan. (Kris Fernandez)

Goenkaleko Beatriz bezala egin zen ezaguna Idoia Uranga (Azkoitia, 1972). Hainbat telesaiotan aritu ondoren, Go!azeneko aktoreen zuzendari lanetan ari da gaur egun. Azpeitian ari dira grabaketak egiten asteotan.

Zeintzuk dira aktoreen zuzendariaren eginbeharrak?

Batetik, gidoiak eta tramak ondo doazela begiratu behar duzu, hau da, bat doazela. Bestetik, ordena kronologikorik ez dugu jarraitzen grabatzerakoan, eta garrantzitsua da pertsonaia bakoitzari momentuan zein egoera emozionaletan egon behar duen kokatzen laguntzea. Istorioa kontatzen ari garen planoa egokia izatea ere kontuan izan behar da. Baina denaren gainetik, aktoreen antzezpena zaindu behar da. Beraien antzezpenak nondik nora joan behar duen zuzendu behar duzu. Zaindu, babestu, eta ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen naiz, lanik hoberena irten dadin.

Nolakoa da zure lanegun bat?

07:00etan jaikitzen naiz eta egunean izango ditugun sekuentziak begiratzen ditut. Lanera iristean, kafea hartu eta errealizadorearekin biltzen naiz sekuentziak nola grabatu eta kamerak non jarri erabakitzeko. Ondoren, makillatzeko eta janzteko guneetara joaten naiz, ea aktoreak prest dauden ikusten dut, eta testua errepasatzen dugu. 19:30ak arte grabatzen dugu. Etxera joatean, bainatu egiten naiz eta hurrengo eguneko sekuentziak prestatzen hasten naiz.

Go!azen-en arrakasta izugarria izan da. Zein da sekretua?

Ez dut uste sekretu magikorik dagoenik. Hainbat faktore daude, eta horiek batzean sortzen da arrakasta. Batetik, musika, dantza… erakargarria egiten zaizkie gazteei. Bestetik, pertsonaietan ahalik eta estereotipo gehien izaten saiatzen gara. Errealitatean denok desberdinak eta ederrak gara, eta hori islatzen saiatzen gara. Gazteak pertsonaia batekin edo birekin identifikatzen badira, kateatu egiten dira. Azkenik, erritmo bizia du telesailak, barre egiten duzu, eta dena uztartuta, gazteen gustukoa izatea lortzen da.

Estereotipoak aipatu dituzu, eta zentzu horretan kritikak ere jaso ditu telesailak.

Noski, eta kritikak onartzen ditugu. Ezer ez da perfektua, beti dago akatsen bat. Baina ez da nahita egiten den zerbait. Kritika horiek kontuan hartzen saiatzen gara, eta telesailean sartzen ditugu. Gorpuzkera desberdinetako pertsonaiak, gaixotasunak, harremanak… saiatzen gara denak sartzen. Beti egongo da ahazten zaigun zerbait, baina ideia nagusia gizartearen arlo eta gai desberdinak ordezkatuta egotea da.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.