Mila Altuna bidelagunak Gorka Fernandez bidelariaren bisita jaso du beste urte batez

Uztarria.eus 2018ko uzt. 31a, 16:08

Mila Altuna azpeitiarrak eta Gorka Fernandez barakaldarrak urteak daramatzate Mintzanet egitasmoan parte hartzen. Altuna bidelaguna da, eta Fernandez bidelaria. Duela lau urte hasi ziren Internet bidez elkarrekin euskaraz hitz egiten, eta dagoeneko harreman estua dute. Azken hiru urteetan egin bezala, Fernandez Altuna bisitatzera etorri da Azpeitira. Bidelaria Sevillan bizi da, eta oraingo honetan bere emaztearekin eta seme-alabekin etorri da Altuna bisitatzera. San Martin egoitzan elkartu dira denak. 

Mila Altuna San Martin egoitzako egoiliarra da, eta ez da Euskal Herrian adinekoen egoitzetan bizi den Mintzaneteko parte-hartzaile bakarra, baina bai aitzindaria. Hain zuzen ere, Azpeitiko San Martin egoitzakoak izan ziren Mintzaneten parte hartzen hasi ziren lehen egoiliarrak. 

Mintzanetek euskaldunak (bidelagunak) eta euskara ikasten ari direnak (bidelariak) Internet bidez harremanetan jarri eta horiek euskara praktikatzea du helburua. 

(Argazkia: Mintzanet)