Saninazioak 2018

Arroxa koloreak eta festa giroak hartu du herria

Uztarria.eus 2018ko uzt. 30a, 14:45

Iritsi da egun handia. Aurrez herritarrak festa giroan murgilduta baziren ere, gaur hasi dira ofizialki saninazioak. 12:00etan bota dute festei hasiera emateko txupinazoa udaletxetik, eta jendetza elkartu da plazan. Kamiseta arrosak jantzita atera dira gehienak gaurkoan kalera, eta arroxa kolorez bete da herria. Bero egin du, eta askok eta askok abanikoak eta antzekoak behar izan dituzte tenperatura altuari aurre egiteko.

Eguerdia iritsi denean, Eneko Etxeberria alkateak hartu du hitza udaletxeko balkoian. Alboan izan ditu Izarraitz txistulari elkarteko kideak eta Euskaraldikoak, haiek baitira aurtengo txupinazoko omenduak. Bi talde horietako kideei zuzendu zaie alkatea, eta haiek egindako lana eta merituak aipatu ditu. Ondoren, preso daudenak eta festetan falta direnak oroitu ditu. Erasorik gabeko jaiak ere aldarrikatu ditu alkateak, eskularru gorria eskuetan hartuta. Horrekin batera, atzo hildako herritar gaztea oroitu du, eta beren senideei animoak eman dizkie.

Txupinazo ofizalaren aurretik, ordea, Marea Arroxako kideek hartu dute hitza. Plazako kioskotik egin dute hitzartzea, bilerak egiten dituzten lekutik, hain zuzen. Urteetan zehar festa herrikoien alde lanean aritu diren lagunei eskerrak eman dizkiete aurrena, baita Marea Arroxa osatzen duten eragile eta norbanakoei zein festetan boluntario lanetan aritzeko prest agertu diren lagunei ere. Era berean, azpimarratu dute, urtero moduan "egitarau ofizialak dituen hutsuneak gainditu asmoz" osatu dutela aurtengo egitaraua, eta Marea Arroxaren xedea festa herrikoiak "indartzen" jarraitzea dela azpimarratu dute. Horrez gain, adierazi dute gaur gaurkoz "harreman eredu zapaltzaileak" nagusitzen direla festetan, eta Marea Arroxak eraso horiek guztiak salatzen jarraituko duela azpimarratu dute. Beren festetan eraso sexistek lekurik ez dutela esan dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek, eta horren harira gogoratu dute aurten brigada feministak antolatu dituztela "erasoen aurrean erantzun kolektibo bat bermatzeko". Gogoan izan dituzte herriko preso eta deportatuak –Josu Urbieta Pou, Joseba Segurola Xegu, Gotzon Aranburu eta Iñaki Etxarte– eta horiek festetan izan arte lanean jarraituko dutela esan dute. Bukatzeko, Marea Arroxako kideek azpeitiarrei dei egin diete aurtengo festetarako antolatu dituzten ekintzetan eta deialdietan parte har dezaten: "Festatan kamiseta arroxa jazteaz harago, kamiseta arroxak atzetik duen festa eredua babestu eta sustatu dezagun. Denok saia gaitezen modu batera edo bestera gure aletxoa jartzen festa herrikoien alde. Guk, festa herrikoiak!".

Txupinazoa bota eta Marea Arroxaren kantua abestu ostean, kalejira egin dute dozenaka lagunek San Martin egoitzaraino. Marea Arroxarekin bat egin dutenek festa giroa hurbildu diete egoiliarrei, eta hainbat dantza eta kantu eskaini dizkiete.

Jaiek irauten duten bitartean izango zer egin eta zertaz gozatu, bakoitzak nahi duen erara. Hona hemen San Inazio bezperako arratsalderako egitaraua:

15:00. Marea Arroxaren herri bazkaria, plazan.

17:00. Jolasak karpagunean.

18:00etatik 19:30. Bigantxak eta zezen txikiak, Done Jakue kalean.

18:00. Kantu kolore taldea, Olazko Andre Mariaren plazan.

18:30. Zezenketa.

19:00. Meza eta bederatziurrena Loiolako basilikan.

19:30etik 21:30era. Gau Erdi txarangaren kalejira, zezen plazatik irtenda.

19:30etik 21:30era. Rock kalean emanaldia.

22:00. Skasti taldearen kontzertua, karpagunean.

23:00. Su festa.

23:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.

23:30. DJ gaua, Olazko Andre Mariaren plazan.

01:00. Ezten Giro taldearen kontzertua, karpagunean.