Saninazioak 2018

In Your Face: "Frontoi Txikian egindako festa honek utzi dituen oroitzapenak izugarriak dira"

Uztarria.eus 2018ko uzt. 29a, 21:08
In Your Face. (I.Y.F)

Festekin batera, FrontOI! Txiki Fest iritsiko da bihar Azpeitira. Azken urteetan egin bezala, punk-OI! musika izango da nagusi San Inazio bezperan Frontoi Txikiaren inguruetan. 2011. urtean antolatu zuten jaialdia aurrenekoz Azpeiti-Azkoitiko In Your Face (I.Y.F) musika taldeko kideek, eta urtez urte indarra hartzen joan den hitzordua da. Biharkoan hiru talde ariko dira zuzenean, 17:00etan hasita: Brigade Loco, Cold Revenge eta In Your Face. 

Nork antolatzen duzue FrontOI Txiki Fest?

Esan beharra daukagu FrontOI Txiki Fest aurten jarritako izena dela. Izan ere, jaialdi txiki honek urtero izen ezberdina hartzen du. Ez da arrazoi berezi batengatik, besterik gabe, atsegin dugun gauza bat da. Hala ere, jendeak 30eko Txarrantxa kanpoko kontzertuak bezala ezagutzen du hitzordua. Antolatzaileak Azpeiti-Azkoitiko In Your Face musika taldeko –gaur egun deseginda dagoena– kideak gara. Betiere gertukoen laguntzarekin ateratzen dugu aurrera ekimena.

Zer dela eta hasi zineten kontzertuak antolatzen?

2011. urtean antolatu genuen lehen kontzertua. Ikusten genuen Azpeitiko festetan guk jarraitzen eta sortzen genuen musika korrontearen presentzia falta zela, eta hori izan zen kontzertuak antolatzeko arrazoi nagusia. Gaiaren inguruan hitz egiten ari ginela hasi zen dena, istorio onenak hasten diren bezala. "Eta kalean kontzertu bat antolauko bagenu?..." bota zuen norbaitek. Bi garagardo hartu ondoren, ideia soila izan zena gorpuzten hasi ginen, eta bagenekien ekimena aurrera ateratzeko Udalaren baimena beharko genuela. Horregatik, Udalarengana zuzentzeko idatzi txukun bat prestatu genuen. Bertan, mila aldiz azpimarratu genuen ekintzaren inguruan sortutako eginbeharrak gure kabuz egingo genituela, Udalari laguntzarik eskatu gabe. Eta, batez ere, azpimarratu genuen kontzertuek ez ziotela inolako gasturik suposatuko Udalari, ezta argi indarrarena ere. Baimena eman ziguten, eta hor agertu ginen, entsegu lokal osoa Txarrantxa kanpoan muntatuta eta hurbiltzen ziren lau katuen aurrean zarata pixka bat ateratzeko gogoz. Gutaz aparte, herriko edo inguruko herrietako musika talde xumeei kontzertua eskaintzeko aukera eskaini nahi izan diegu beti.

Oroitzen al duzue lehen aldia?

Bai, noski. Frontoi Txikian egindako festa honek utzi dituen oroitzapenak izugarriak dira. Imajinatu, gutako batentzat baino gehiagorentzat urteko egunik atseginena bilakatu da.

Zer dela eta erabaki duzue aurten berriro antolatzea?

Egia esan, aurrenekoz egin genuenetik ez gara inoiz gelditu. 2011ko San Inazio bezperan antolatu genuen hitzordua aurrenekoz, eta orduz geroztik ez du etenik izan, urte batean salbu. Iaz, 2017an, ez genuen festa prestatu, antolatzaileetako bat atzerrian zegoelako. 

Zergatik da egun berezia zuentzat?

Oso egun berezia da, hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, gure kabuz eta gure erara antolatzen dugulako, betiere Udalak ezarritako mugekin. Horrez gain, egun berezia da urtetik urtera harrera hobea duelako jendearen artean. Festa aurrenekoz antolatu genuenean lau katu ginen, eta azken aldian, 2016an, jendez goraino bete zen Frontoi Txikia. Badago festa hau berezia egiten duen beste kontu bat ere.  I.Y.F musika taldea ibilbidearen azkenetan zela, promesa moduko bat egin genuen: urtean behin, San Inazio bezperan, elkartuko ginela kontzertu bat emateko. Eta, noski, musika taldea bizirik egon zen urte horietan guztietan bizitako momentu on eta txar guztiak gogoratzeko eta kontzertuek ematen duten zirrara hori zainetan sentitzeko.

Irabazitako dirua Sostenipe talde feministari eta JLN Aske plataformari emango diozue. Zergatik?

Erantzunik azkarrena eta hoberena honako hau litzateke: Eta zergatik ez?. Jendearen artean horrenbeste zabaldu ez denez, azaldu nahi dugu Azkoitiko Sostenipe talde feministari bezala Azpeitiko Basanderiek taldeari ere laguntza emango zaiola. Zorionez, azken urteotan mugimendu feminista hartzen ari den indarrak muturren aurrean dugun eta izan dugun errealitateaz jabetzeko balio izan digu askori. Horretaz jabetuta, talde hauei era xumean laguntzea erabaki dugu. Emakumezkoen musika taldeek zein talde mixtoek FrontOI! Txiki Festen parte hartzea nahi genuen, eta hainbat talderi egin diegu gonbidapena. Azkenean ez da posible izan, ordea. Ea hurrengo urtean! JLN Aske plataformari ere lagunduko diogu. Haiekin zorretan geunden. Izan ere, dirua lortzeko jaialdi bat prestatu zuten duela hilabete batzuk, eta antolatzaileak gutaz oroitu ziren. Hainbat arrazoirengatik ezin izan genuen kontzertua eman, eta arantza hori kendu nahi genuen. Finean, berdin du zein kolektibori ematen zaion laguntza, Jaialdiaren helburua da, parranda egiteaz eta ondo pasatzeaz gain, borroka sozialei laguntzeko balio izatea. Herriak soilik salba dezake herria. 

Hurrengo urtean berriro antolatzeko asmorik bai?

Horrela izatea espero dugu. Udalak baimentzen digun bitartean eta gure artean grinak bizirik jarraitzen duen bitartean, aurrera jarraituko dugu. Zorionez, aurten, hainbat gazte agertu zaizkigu laguntza emateko prest. Urteek geroz eta gehiago pisatzen dute gugan, eta itxaropena dugu ondoren datozenek jarraituko dutela jada Azpeitiko festetan klasiko bihurtu den ekitaldi hau antolatzen, herriko festetako egitarau ofizialean sekula agertu ez den arren.