Saninazioak 2018

Giro bikainarekin joan da Baserritarren Eguneko ospakizuna

Uztarria.eus 2018ko uzt. 28a, 19:07

Eguna mutur beltzarekin esnatu den arren, ondo baino hobeto eutsi dio eguraldiak eta festa giro ederra nagusi izan da eguerdi partean Azpeitiko plazan. Ohiko egunetik aparte ospatzeak ez dio kalte handirik eragin Baserritarren Egunari eta jendetza ibili da plazan eta haren bueltan, sagardo txapelketaz zein ganadu lehiaketaz gozatuz; plazari ia buelta ematerainoko iladak sortu dira, berriz, txekor errearen zein hegaluze pintxoak probatu nahi zituztenekin.

Hiru sariketa egin dira Baserritarren Egunaren barruan. Sagardo txapelketan Martuteneko Barkaiztegirentzat izan da lehen saria, Errenteriako Egi-Luzerentzat bigarrena eta Astigarragako Alorrenearentzat hirugarrena. Gazta txapelketan, berriz, Zeanuriko (Bizkaia) Ipiñaburu gaztandegia izan da irabazlea, Elgoibarko Mausitxaren eta Galarretako (Araba) Azkarraren aurretik.

Azkenik, Euskal Herriko Blonda Txapelketan, Orioko Longa baserriak irabazi du ukuilu onenaren saria, idiskorik onenarena Errenteriako Larre Haundi baserriko Miferrentzat izan da, eta behi onenarena Arrietako (Bizkaia) Makuleta baserriko Hotziturentzat. Sari nagusiez gain beste hainbat banatu dituzte txapelketaren barruan, eta horietatik hamabost geratu dira Azpeitian: zortzi jaso dituzte Agite baserrikoek eta zazpi Eizmendikoek.

Bi hitzordu eguna bukatzeko

Baserritarren Egunekoak bukatuta, oraindik beste bi festa hitzordu gelditzen dira gaur, hauexek:

17:30. Kantuz alpargata dantza, plazan.

23:00. Demode Quartet taldearen emanaldia, plazan.