"Ekonomia indartzen jarraitzeko" diru-laguntzak banatuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 27a, 18:39

Guztira, hainbat alorretan enplegua sustatzeko 300.000 euro bideratuko ditu erakundeak. Eskaerak urriaren 15a bitartean egin daitezke, udaletxean edota Azpeitia Berritzen garapen agentziaren bulegoan. Laguntzen inguruko informazioa eta xehetasunak, udalaren webgunean kontsulta daitezke.

"Herriko ekonomia eta enpleguaren kalitatea indartzeko" diru-laguntzak emango ditu Udalak. 300.000 euroko diru poltsa jarri du erakundeak, eta hiru alor lagunduko dituzte diru horrekin. Batetik, merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzen dutenek jaso ahal izango dute laguntza; eta, bestetik, industria proiektu estrategikoen eta berritzaileen bidez enplegua sustatzen dutenek. Horrez gain, gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzeko ere banatuko dituzte diru-laguntzak.

Eskaerak urriaren 15a bitartean egin daitezke, udaletxean edota Azpeitia Berritzen garapen agentziaren bulegoan. Laguntzen inguruko informazioa eta xehetasunak, udalaren webgunean kontsulta daitezke.