Urre berdea marroi

Uztarria.eus 2018ko uzt. 27a, 13:31
Pinua atera berri duten baso saila, Urrestillan. Antzeko asko ikus daitezke bazterretan. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiko eta bueltako mendien itxura aldatzen ari da pixkanaka. Intsinis pinua gaitzak jota, orain arteko basoek beste batzuei utziko diete tokia. Horren gainean uztaileko Uztarria aldizkarian Mailo Oiarzabal kazetariak egindako erreportajea da hau.

Motozerren oihartzuna, hutsik igo eta enborrez beteta jaisten diren kamioi handien joan-etorri etengabea, egunaren arabera lokatzez beteta edo hautsez josita dirauten zikindutako bideak eta errepideak. Lehen noizean behingoak zirenak, azken bizpahiru urteetan egunerokoaren parte bihurtu dira horiek guztiak Azpeitia inguruko hainbat gunetan. XX. mendearen erdialdetik hona hemengo paisaian nagusi izan den intsinis pinua (Pinus radiata) gaitzak jota dago, eta pinu sailak hustu eta hustu ari dira. "Azken hiru urteetan ari dira pinuak modu masiboan ateratzen, eta beste hiru-lau urtean bota beharreko pinu pila bat dago", dio Julian Unanuek (Oñatz, 1948). 1999tik 2003ra eta 2011tik 2014ra Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako zuzendaria izan ondoren, baso jabeen Gipuzkoako Baso Elkartearen Urola Kostako ordezkaria da gaur egun Unanue. Hamarkada baten buruan, Urola bailaran intsinisik ia ez dela geldituko dio.

Mycrosphaerella dearnessii izeneko onddoa, pinudiei azken urteetan hartu duten kolore marroixka ematen diena, da intsinisaren akaberaren erantzule nagusia. Pinu hostoetan itsasten da gorrina, eta urte gutxiren epean ito egiten ditu zuhaitzak, usteldu arte. "Pinuak, zainetik jateaz aparte, orritik ere jaten du, arnasa hartzen du hortik. Orririk gabe ezin da bizi arbola hau, ez da-eta hosto erorkorrekoa", azaldu du Unanuek. Udaberrian eta uda hasieran onddoaren eragina ez da izaten hain nabarmena, "pixka bat berdetu" egiten dira atzera pinu hostoak oso gaixo ez badaude; baina abuztutik aurrera, gutxi gorabehera, berriro indartzen da gorrina.

1944an aurkitu zuten lehen aldiz onddo klase hori Euskal Herriko basoetan, baina azken urteetan bezalako indarrik ez zuen sekula hartu. Izurri bihurtzeraino zabaldu da, eta izurritearen erdigunean kokatu da Urola bailara. "Orain dela zortzi bat urte, Errezil eta Etumeta inguru horretan azaldu ziren plaga gune indartsu batzuk, eta gero hortik denera joan da zabaltzen. Espero ez den eboluzio bat ematen ez bada, inguru hau galdutzat eman daiteke", Unanueren arabera. Izan ere, ikerketak egiten ari diren arren, ez dirudi epe motzera gorrinari aurre egiteko erremediorik topatuko dutenik. Gaitza horrenbeste zergatik indartu eta zabaldu den ere ez dute zehaztu, oraingoz.

Gorrinak jotzen duenean, "basoa ateratzea da irtenbide bakarra", zuhaitz guztiak usteldu baino lehen. Gaitzik ez zegoenean, pinudien ohiko biziraupena 35 edo 40 urteren bueltan ibiltzen zen; horiek ziren basoak errentagarri izateko urte kopuruak. Orain, ordea, askoz pinu gazteagoak ere ari dira kentzen. "Adinera ailegatutakoak ere botatzen ari dira. Baina lau urtekoetatik hasi eta adin guztietako pila bat ari dira botatzen". Lau urtetik beherako plantaziorik ez dagoela zehaztu du Unanuek, gorrinaren izurritea zabaltzen hasi zenetik ezin baita intsinis berririk landatu.

Pinuari "asko zor"

Paisaian ez ezik, basoen ustiaketa ereduan aldaketa handia ekarri zuen intsinis pinuak joan den mendean, baita eztabaida sutsuak piztu ere. Bota pinua, sartu pagoa esloganean laburbildu daiteke 1970eko eta 80ko hamarkadetan indarra hartu zuen joera, bertako espezieekin osatutako basoak berreskuratzearen eta basoen ustiaketa jasangarriagoaren aldekoa. Inguru honetako mendi gehienak, ordea, pribatuak dira, eta baserritar askorentzat diru iturri garrantzitsua izan da basoa. "Baserritarrak asko zor dio pinuari", dio Unanuek, intsinisari urre berdea esaten zitzaion garaiak aipatuta. Azken hamarkadetan pinudien etekinak mugatuagoak izan diren arren, XX. mendearen erdi aldetik aurrera "pinuak egiten zuen prezioa gaur egun imajinatu ere ezin" dela egin ekarri du gogora. Eta adibidea jarri du: "Orain dela 52-54 urte, hektarea bat pinurekin Azpeitian behintzat etxebizitza bat seguru zenuen".

Intsinisaren tokian landatzen ari diren zuhaitzei dagokienez, bertan lehendik zeudenen artean pagoa eta haritza aipatu ditu Unanuek, baina baso jabeei etekin ekonomikoa emango dieten espezieen zerrenda luzeagoa da. Hainbat pinu klase dago zerrendan (kriptomeria, izeia, itsas pinua...), eta eukaliptoa ere bai. Intsinisa baino are azkarrago –15-18 urterekin hasten dira errentagarri izaten– hazten den espezie horrek intsinisak bere garaian piztu zituenak bezain kontrako jarrera sutsuak piztu ditu, edo areagoak. Gipuzkoako Foru Aldundiak intsinis basoak botatzeko zein haien tokian beste arbola batzuk landatzeko diru-laguntzak ematen ditu. Pinuaren tokian eukaliptoa landatuz gero, ordea, basoa kentzekoa da bakarrik laguntza, landaketa berrirako ez du ematen.

Baso publikoak

"Eukaliptoa ez dut famatuko eta nik ez diot inori gomendatuko", dio Unanuek, nahiz eta berak badituen eukaliptoa, "haritzak, pagoak eta pinuak ditudan bezala. Haritza eta pagoa jartzen badituzu, badakizu horien epea 140 edo 200 urte direla. Etekin ekonomikorik ez diezu aterako; zuk ez, eta zure ondorengoek ere ez. Hautatu behar horretan jarrita, ez dut uste eukalipto zalea den inor dagoenik, baina kalkuluak aterata...".

Horren aurrean, berez hemengoak diren zuhaitzen basoak berreskuratzeko "bi alternatiba" daudela uste du: pagoak, haritzak eta abar jartzen dituzten baso jabeak diruz laguntzea, edo administrazioak berak lurrak erostea eta baso publikoak hedatzea. "Urolan orain ere badago hektarea pila bat salgai, inork erosi nahiko balu", nabarmendu du. Mendi lur gehienak pribatuak direla gogoratuta, "basoa denona dela" diotenena uste okerra da, eta jabeei gehiegitxo eskatzea ere bai, Unanueren aburuz: "Ezin zaio inolaz esan 'hik jarri ezak, eta, gainera, denona duk hori'. Horrek ez dauka etorkizunik".