Saninazioak 2018

Gaurtik aurrera zabalik izango da Uztarriaren tonbola

Uztarria.eus 2018ko uzt. 27a, 13:00

Iristear dira saninazioak, eta horiekin batera dator aurten ere Uztarria Komunikazio Taldearen tonbola. Hamargarren urtez antolatu du tonbola Uztarriak, eta joan zen asteburuan zabaldu ostean, gaurtik asteazkenera egunero izango da irekita, iazko gisan Erdikaleko bigarren zenbakian.

Beste urte batez, komunikazio taldeak eskerrak eman nahi dizkie tonbola posible egiten duten laguntzaile guztiei, Bertan merkatarien elkarteak eta herriko hainbat saltokik, tabernek, jatetxek, ile-apaindegik, harategik, gozotegik eta abarrek babestu baitute ekimena. Uztarriak diru-sarrera propioak lortzeko jarri zuen martxan tonbolaren proiektua duela hamar urte, eta bizirik jarrai dezan, beharrezkoa da babesle guztien laguntza, baita tonbola irekita egoteko txandak egiten dituzten herritarren laguntza ere. Eskerrik asko guztiei, benetan!

Tonbolaren ordutegia

Gaur, ostirala

19:30etik 21:00etara.

Bihar, zapatua

12:00etatik 15:30era eta 18:00etatik 21:00etara.

Etzi, igandea

17:30etik 20:30era.

Uztailak 30, San Inazio bezpera

12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:00etara.

Uztailak 31, San Inazio eguna

12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:00etara.

Abuztuak 1, San Inazio bigarrena

12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:00etara.

Inoiz baino sari potoloagoak

Urtero bezala, euro baten trukean tonbolako bi txartel erosi ahal izango dira. Aurten, oparien zerrenda inoiz baino luzeagoa izango da, eta inoiz baino sari potoloagoak banatuko dira. 

Saridun txartelez gain, zozketarako zenbakidunak ere ez dira gutxi izango. Bi lagunentzako bi asteburu pasa, otarre bikaina eta netbook bat izango dira azken zozketan banatuko ditugun sariak.