Saninazioak 2018

Ekitaldi ugari festen atarian

Uztarria.eus 2018ko uzt. 27a, 12:25

Badatoz saninazioak, eta horren erakusle dira gaur, ostirala, herrian izango diren ekitaldiak. 19:00etan hasita desenkajonamendua izango da zezen plazan, eta preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazioa ere ordu horretan egingo dute plazatik abiatuta. Ondoren, afaria izango da Azoka Plazan. Udal Musika Bandak pasodobleen kontzertua eskainiko du 22:00etan.

Ate joka dira herriko festak. Bihar hasi eta abuztuaren 2a bitartean izango da zertaz gozatu Azpeitian. Baserritarren Egunaren eta San Inazio jaien aurretik, hainbat ekintza izango da gaur, ostirala. Besteak beste, desenkajonamendua, Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua eta presoen, iheslarien eta deportatuen eguneko ekintzak antolatu dituzte.

Aurtengo saninazioetako zezenketetan toreatuko dituzten zezenak aurkeztuko dituzte zezen plaza, 19:00etan hasita. Ana Romero, La Quinta eta Celestino Cuadri ganadutegietako zezenak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko eguna ere gaur izango da. 19:00etan abiatuko da manifestazioa plazatik, Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera! lelopean, eta ibilbidea bukatzean, ekitaldia egingo dute plazan bertan. 21:30ean, berriz, Kalera! afariaz gozatuko dute hainbat lagunek Azoka Plazan, eta ondoren, Gartxot bakarlariak emanaldia eskainiko du.

Afarirako txartelak salgai dira Orkatz eta Niza tabernetan. Ikasleek eta langabeek 15 euro ordaindu beharko dute afarirako txartela, eta landunek 18 euro. Honako hau izango da menua: entsalada, Getariako atuna tomatearekin, txahal masailak, arroz esnea, kafea eta kopa.

Udal Musika Bandak pasodoble kontzertua ere emango du gaur, 22:00etatik aurrera, plazan. Honako pieza hauek eskainiko dituzte gaurko emanaldian:

  • Gallito (S. Lop)
  • Pepe Luis Vazquez (A. Cande)
  • Joselillo Cruz (R. Vidal)
  • Vito (S. Lope)
  • Nerva (M. Rojas)
  • Plaza de la maestranza (D. Vela)
  • 3. zezeneko zortzikoa (J. Aldalur)
  • Solera fina (P. Marquina)
  • Cortijo sevillano (P. Marquina)
  • Tercio de quites (R. Talens)
  • Joxe Arruti (J.L. Franzesena)
  • Toros en el puerto (A. Moreno)
  • Thedy (M. Peralta)