Saninazioak 2018

Ginkana feministarekin eta erasoen aurkako protokoloa indartuta dator Marea Arroxa

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 21:53

Abuztuaren 1ean egin ohi duten Emakumeak Plazara egitasmoan emakumeen arteko jolasak egingo dituzte aurten. Plaza emakumeak "aske eta eroso" sentitzeko eta ondo pasatzeko leku bat izatea nahi dute. Ginkana feministan parte hartzera animatu nahi dituzte emakumeak. Aurten, eraso sexisten aurrean erantzuten laguntzeko brigada feministak antolatu dituzte. Balizko erasotuari lehen harrera egitea izango da brigadaren egitekoa. 

Urte batzuetan geldirik egon ostean, indartsu itzuli zen iaz Marea Arroxak antolatutako Emakumeak Plazara egitasmoa. Aurten, hitzorduari oihartzuna ematen jarraitzea nahi dute, eta beste proposamen batekin datoz. Izan ere, ginkana feminista antolatu dute abuztuaren 1erako. Antolatzaileek gaur azaldu dituzte egitasmoaren inguruko xehetasunak. 

Emakumeok Plazara egitasmoa nondik datorren eta helburua zein den gogoratu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek: "Urteetan zehar ikusi dugu emakumeon hutsunea nanbaria dela festetan. Hau da, ez dela emakumeentzako espazio propiorik eskaini. Hutsune horren aurrean festa batzordeak Emakumeok Plazara egitasmoa sortu zuen, emakumeen ahalduntze prozesuan lagungarria izan daitekeena". Era berean, iazko hitzorduak izan zuen "arrakasta" gogoratu dute. Marea Arroxako kideek esan dutenez, iaz, emakumez osatutako Sorginak musika taldeak "plaza jendez betetzea" lortu zuen. 

Ginkana feministarekin lortu nahi dutena da emakumeei "ondo pasatzeko" eta "libre" sentitzeko espazioa eskaintzea. "Egitasmo honekin Azpeitiko plaza gurea, emakumeona, egin nahi dugu, modu libre eta aske batean ondo pasatzeko", adierazi dute. Horregatik, festa batzordeko kideek dei egin diote Azpeitiko emakume oroi ginkana feministan parte har dezaten: "Berdin du haurra, gaztea, heldua, etorkina, lesbiana edo transexuala zaren. Denok zaudete gonbidatuta gure festara. Denok batera, gure desberdintasunetik, egin behar dugulako iraultza. Azken finean denok helburu berdina baitaukagu: herri libre bat, non denok aske izango garen".

Abuztuaren 1eko ginkana feminista 17:00etan hasiko da plazan, eta bertan denetariko jolasak egingo dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Ondoren, ekitaldi feminista egingo dute. 

Erasoen kontrako protokoloa indartzen

Marea Arroxak urteak daramatza festei begira eta eraso sexisten aurrean nola jokatu azaltzeko protokoloa lantzen eta herriratzen. Horretarako, bilera ireki bat egiten dute urtero, txosnan edo karpan txandaren bat duten lagunei zein bestelako norbanakoei zuzenduta. Aurten, protokolo hori indartzea xede, brigada feministak antolatu dituzte. "Brigadaren funtzioa da osatu dugun protokoloa gauean betetzen dela bermatzea", azaldu dute Marea Arroxako kideek.

Erasorik gertatuko balitz, erasotuari "gertutasuna" agertzeko antolatu dituzte brigadak. Batziordeko kideen hitzetan, brigada feministako jendearen funtzioa erasotuari aurreneko harrera egitea izango da. Behin hori eginda, brigadako kidea arduratuko da karpako jendeari nahiz arreta guneetako arduradunei erasoaren berri emateaz. Brigadako kideek besoko bat eramango dute, jendeak identifika ditzan.