Marea Urdina itsas zeharkaldiaren inguruko dokumentalaren aurrerapena, argitara

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 17:33

Autismoa duten pertsonak gizarteratzea eta gaiaren inguruan sentsibilizazioa sortzea helburu, Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatu zuten 600 inguru igerilarik erreleboak eginez, uztailaren 7an eta 8an. Saturrarandik Hondarribira egin zuten zeharkaldia, eta, denen artean, 64 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Egitasmoak iraun zuen bitartean hartutako irudiekin dokumentala egin du Marea Urdinak. Taldeko kideek ez zuten halakorik espero, eta "bideotxo bat" izango zena dokumental bihurtu dela kontatu dute egitasmoaren sustatzaileek: "Gure asmoa zen zeharkaldian egongo ziren momentu politak grabatzea, eta ondoren, lau edo bost minututan dena laburtuko zuen bideo bat egitea. Imajinatu ere ezin genuen egin bizi behar genituen momentu hunkigarrien kopuruak zortzi orduko grabazioetarako emango zuenik".

Azaldu dutenez, "laster" aterako dute argitara dokumentala, baina bitartean zeharkaldiaren ikus-entzunezkoa izango denaren aurrerapena bideoa zabaldu dute gaur, osteguna.