Saninazioak 2018

Iñigo Urkullu lehendakaria ez da Azpeitian izango abuztuaren 1ean

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 13:01
Iazko abuztuaren 1eko irudia.

Udalari jakinarazi dionez, hainbat arazo tarteko lehendakaria ez da abuztuaren 1eko ekitaldi instituzionaletan izango. Haren ordez nor etorriko den ez du jakinarazi gaur-gaurkoz Eusko Jaurlaritzak. Ez da Urkulluk huts egingo duen aurreneko aldia; izan ere, 2015ean ez zen Azpeitian izan, Boiseko (Idaho) jaialdi batean zelako.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ez da Azpeitian izango San Inazio bigarrenez –abuztuak 1–. Udalari egunotan jakinarazi dio aurten huts egingo duela, hainbat arazo tarteko, eta haren ordez nor etorriko den ez du jakinarazi gaur-gaurkoz Eusko Jaurlaritzak.

Abuztuaren 1eko ekitaldi instituzionaletan parte hartzen du Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkarik, tartean lehendakariak, eta azken urteetan Urkullu Azpeitian izan bada ere, aurten ez da etorriko. Ez da, baina, huts egingo duen aurreneko aldia izango; izan ere, 2015ean ere ez zen herrian izan, Boiseko (Idaho) jaialdi batean zelako.

Hainbat lehendakari izan dira urtez urte San Inazio bigarrenean Azpeitian, baina badira huts egin dutenak ere. Hain zuzen ere, Patxi Lopez ez zen Azpeitira etorri lehendakari izan zen hiru urteetan –haren ordez Isabel Celaa Hezkuntza sailburua izan zen herrian 2009tik 2011ra bitartean–.