Elkartasun kanpainari esker, isuna ordaintzea lortu dute Loiolako herri harresian atxilotututako bi kideek

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 12:35
Babes kanpaina aurkezteko agerraldia egin zuten Loiolan.

Herritarrek erakutsitako "konpromisoari eta elkartasunari" esker, Orbegozori eta Hach Embareki ezarritako 23.663 euroko isuna dagoeneko ordaindu dutela jakinarazi zuen atzo, asteazkena, Eleak-Libre mugimenduak. Bi lagunek hitza hartuko dute bihar Kalera afariko ekitaldian, erakutsi dieten babesa eskertzeko.

2014ko irailean ehunka lagunek herri harresia osatu zuten Loiolako basilikaren aurrean, Segi gazte antolakundeko kideak izatea egotzita 1/12 sumarioan auzipetuta zeuden Jazint Ramirezi, Irati Tobarri, Igarki Roblesi, Xabier Arinari eta Imanol Salinasi babesa erakusteko. Ertzaintzak hiru ordu inguru behar izan zituen Loiolan eraikirako herri harresia desegin, eta bost auzipetuak atxilotzeko. Poliziak banan-banan eta "bortizki" atera zituen harresia osatzen ari ziren lagunak, tartean Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra. Harresitik atera ez ezik, Ertzaintzak atxilotu ere egin zituen Orbegozo eta Hach Embarek.

Duela hiru urte Loiolako herri harresian jarrera desobendientea erakusteagatik epaitu zituzten bi kideak Donostiako Lurralde Auzitegian. Prozesu horrek eragindako gastuei aurre egiteko elkartasun kanpaina jarri zuten martxan, Eleak-Libre mugimenduak sustatuta. Herritarrek erakutsitako "konpromisoari eta elkartasunari" esker, Orbegozori eta Hach Embareki ezarritako 23.663 euroko isuna dagoeneko ordaindu dutela jakinarazi zuen atzo, asteazkena, Eleak-Libre mugimenduak. Kanpaina horri amaiera emateko, Orbegozok eta Hach Embarekek hitza hartuko dute ostiraleko Kalera afaria amaitzean, eta herritarrei erakutsi dieten babesa eskertzeko aprobetxatuko dute. 

Elkartasun ekimenen bultzada

Eleak-Libre mugimenduaren hitzetan, "hamaika" izan dira bi auzipetuei babesa agertzeko sortu diren elkartasun ekimenak, hala nola Ormaiztegin, Azpeitian, Donostian, Gasteizen, Gabirian, Eibarren eta Zurukuainen. "Jaurlaritzaren mendekua goseari, gure eskubideak defendatuz erantzun diogu. Guztiz zilegi zen desobedientziaren aurkako zigorrari, elkartasunez eta konpromisoz erantzun diogu. Jaurlaritzaren zigorrean mendekua nagusi den bitartean, herriz herri antolaturiko ekimenetan elkartasuna da nagusi, irribarrea, konpromisoa, eskubide zibil eta politikoen aldeko lana, babesa, herriaren indarra … ", adierazi du Eleak-Libre mugimenduak. Hala ere, bi hitz azpimarratu ditu: elkartasuna eta konpromisoa. "Elkartasuna eta konpromisoa izan dira, eta oraindik orain ere badira, gure armarik eraginkorrenak, horiei esker lortu baitugu Beñaten eta Estebanen zigorra ordaintzea", adierazi du eragileak. Gainera, elkartasunari eta konpromisoari esker "eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarria Euskal Herriko hainbat txokotara zabaldu dutela azpimarratu dute Eleak-Libreko kideek. "Horrelako eraso errepresiboei erantzuteko gaitasuna dugula frogatu dugu beste behin ere". 

Joan zen urtarrilaren 26an hasi zen epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian, baina orduan izandako atzerapenak tarteko, iragan otsailaren 3an egin zuten bigarren saioarekin amaitu zen Orbegozoren eta Hach Embareken kontrako epaiketa, behin betiko.