Bost geltoki bailarako historia eta ondarea ezagutzeko

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 19:00
Harkaitz Millan, Alfredo Retortillo, Eneko Etxeberria eta Maite Cruzado.

Bost Geltoki Historian egitasmoa martxan jarri du aurten ere Iraurgi Berritzen agentziaren Turismo Sailak. Proposamen horren bidez, eskualdeko bost museo edo txoko ezagutzeko eskaintzez gozatu ahal izango dute familiek.

Bost Geltoki Historian egitasmoa martxan da aurten ere. Hain zuzen ere, gaur goizean aurkeztu dute proiektuaren edizio berria Burdinbidearen Euskal Museoan Eneko Etxeberria Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak; Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak. 

Iraurgi Berritzen agentziaren Turismo Sailak koordinatzen eta kudeatzen du Bost Geltoki Historian egitasmoa, eta eskaintza horren bidez, bailarako produktu turistikoa eta historia ezagutzeko bost geldialdi egin ahal izango dituzte bisitariek. Hain zuzen ere, eskualdeko bost museo edo txoko ezagutzeko aukera ematen du proiektuak: Zumaiako Algorri Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa, Zestoako Ekainberri museoa, Zestoako Lili Jauregia, Azpeitiko Loiola Santutegia eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa. Bidaia fisikoa eskaintzeaz gain, denboran zehar bidatatzeko aukera ere ematen du egitasmoak, historiako hainbat arorekin bat egiten baitute bost leku horiek.

Aurtengoan, "familian plan polit bat" egiteko helburuarekin prestatu dute eskaintza, Etxeberriak azaldu duenez. Haren arabera, hemengo ekonomiaren oinarria industria da, eta turismoa jardueraren "zati txiki bat" baino ez da. "Hemen ez dago turismoaren masifikazioarik, eta bultzatzen dugun turismo eredu jasangarriak oztopoak baino askoz aukera gehiago sortzen dizkigu, herritarrentzat ez baitu inolako kalterik eragiten". Etxeberriaren esanetan, bost geltoki horietara egindako bisitak inguruotako beste lekuak ezagutzeko aprobetxa daitezke: Azkoitiko Oteiza frontoiak, Errezil, Beizama...

Cruzadok eskualdeko ondare kulturala eta historikoa nabarmendu ditu: "Loiola, Geoparkea edo Ekaingo kobak nazioartean erreferente dira", adierazi du. Retortillok, berriz, Trenbidearen Euskal Museoa oraindik ere ez dela behar bezain ezaguna azaldu du. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako turismoan familian egiten diren planek duten indarra nabarmendu du; haren arabera, bikotean egiten diren bidaien atzetik kokatzen dira familian egiten diren planak.

Eskuorriak eta zozketa

Egitasmoaren berri emateko eskuorriak prestatu dituzte. Museo bakoitzarekin lotuta, haurrek ondo pasatzeko proposamenak aurkituko dituzte bertan. Museoetara eskuorriarekin joaten diren familietako 12 urtetik beherako haurrek lehen museorako txartela besterik ez dute ordaindu beharko; behin lehen museoaren zigilua eskuratuta, ondorengo museoetarako sarrera doan izango dute. Iaz 3.000 eskuorri banatu zituzten, eta, beraz, egitasmoan 1.500 familia inguruk parte hartu zutela  kalkulatu dute Iraurgi Berritzeneko arduradunek.

Horrekin batera, zozketa bat ere jarri dute martxan: bailarako ostatu batean familia batentzat asteburu bat izango da opari. Bertan parte hartzeko, selfie bat atera eta 5geltoki@urolaturismo.eus helbidera bidali beharko da.