Antxietako kideek Madeleine aldiko bi pieza eta labar artea aurkitu dituzte Mendaroko Agarre haitzuloan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 18:09
Aranzadiko, Antxietako eta Aldundiko kideak gaurko agerraldian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Basahuntz bat zizelkatuta duen zintzilikario bat eta oinaldean grabatuak dituen lantza baten gaineko pieza aurkitu dituzte, baita margo bat ere haitzuloaren horma batean. Lanen gaiari esker jakin ahal izan dute Madelein aldikoak direla. Gaur eman dute aurkikuntzaren berri Antxietako, Aranzadiko eta Aldundiko ordezkariek Donostian.

Madelein aldiko bi pieza eta labar arte bat atzeman dituzte Azpeitiko Antxieta jakintza taldeko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideek Mendaroko Agarre haitzuloan. Hain zuzen ere, basahuntz bat zizelkatuta duen zintzilikario bat eta oinaldean grabatuak dituen lantza baten gaineko pieza aurkitu dituzte, baita margo bat ere haitzuloaren horma batean. Joan zen martxoan, haitzuloa indusketak egiteko prestatzen ari zirenean egin zuten aurkikuntza.

Arkeologoek irudien gaiari esker jakin ahal izan dute piezak Madelein aldikoak direla, 14.000-10.000 urte artekoak, eta horma irudia gutxienez orain 22.000 urtekoa dela adierazi dute. Gaur goizean eman dute aurkikuntzen berri Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak, Alvaro Arrizabala eta Blanca Otxoa Aranzadiko arkeologoek eta Andrex Maiz Antxietako kideak, Donostian.

Agarre haitzuloa 1966an aurkitu zuten, eta orduan egin zituzten lehen indusketak bertan. Han egin zituzten aurkikuntzak uste baino zaharragoak zirela jakinarazi zuen handik bi hamarkadatara Joxean Mujika historiaurrean adituak, eta gaur aurkeztu dituzten piezen eta labar artearen aurkikuntzekin baieztatu egin dute hark esana.

Otxoak azaldu duenez, atzeman duten margoa Agarreko labar artearen lehen zantzua da. "Oraingoz topatu duguna adierazpen figuratibo bati dagokio, animalia bati ziurrenik". Haren arabera, pigmentu gorria eta ura nahastu eta hatzarekin puntuka egindako irudia da. Gainera, Zestoako Danbolinzulon eta Mañariako Askondo kobetan ere teknika hori erabilitako margoak badirela azaldu dute.

Arrizabalagak gogorarazi duenez, Altxerrin (Aia) eta Ekainen (Zestoa) soilik aurkitu zuten labar artea, baina azken urteotan hainbat aurkikuntza egin dute, hala nola Praileaitzen (Deba), Erlaitzen (Zestoa), Astigarraga (Zestoa) eta Astuigaña (Zestoa). Iaz, adibidez, labar artea aurkitu zuten Azpitarten (Errenteria) eta Arbil (Deba). Arkeologoak azaldu duenez, "interpretaziorako korridore bat" markatu dute margo horiek: "Batzuk jada historiaurreko autobide deitu dutena sendotzen ari da".