Amaia Azkueren hiltzaileari erregimen erdiirekia ezarri dio Donostiako Adingabeen Auzitegiak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 14:52

Donostiako Adingabeen Auzitegiak hartu du erabakia, azpeitiarraren bilakaera "positiboa" delako eta ezarritako zigorraren erdia beteta duelako. Erregimen erdiirekiari esker, hainbat jarduera Ibaiondo zentrotik kanpo egin ahal izango du gazteak, hezitzaile baten laguntzarekin.

Donostiako Adingabeen Auzitegiak erregimen erdiirekia ezarri dio Amaia Azkueren hiltzaile Ander Etxeberriari. El Diario Vasco egunkariaren arabera, auzitegiak duela egun batzuk hartu zuen azpeitiarraren zigorra arintzeko erabakia, nahiz eta adingabekoen fiskala erabaki horren aurka agertu zen.

Zumarragako Ibaiondo zentroan dago atxikita egun 24 urte dituen gazte azpeitiarra, eta bergizarteratze programan egindako “bilakaera positiboa” tarteko eta ezarritako zigorraren erdia baino gehiago bete duelako hartu du auzitegiak hainbat onura emateko erabakia.

Erregimen erdiirekiari esker, zentrotik kanpo hainbat jarduera egin ahal izango du, hala nola hezkuntzari, formazioari, lanari eta aisialdiari lotutakoak. Jarduera horiek guztiak hezitzaile batek lagunduta egin beharko ditu.

2012an, Gipuzkoako Auzitegiak hamar urteko zigorra ezarri zion azpeitiarrari, Amaia Azkue (Orio, 39 urte) Zarauzko bizilaguna hiltzea leporatuta. Ordutik, Ibaiondon dago atxikita, eta zigorra betetzean bost urte egon beharko du zaintzapeko askatasunean.