25 urte, eta aurrera

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 13:23

Orkatz kultur elkarteak mende laurdena bete du aurten. Urteotan ibilbidean une zail bezain ederrak bizi izan dituzte. Irudietan jaso ditu horietako batzuk Uztarriak uztaileko aldizkarian, Ane Olaizola kazetariaren testuekin.

Libre eta zabalik

Ireki zutenetik gaur arteko bidean "hainbat oztopo" topatu badituzte ere, 25 urteko ibilbidea "aberasgarria" izan dela diote Orkatzeko kideek. Elkarteak aurten mende laurdena bete duela eta, denetariko ekintzak egin dituzte urtea hasi zenetik. Ekainean borobildu zuten egitaraua, urteurren festarekin. Goiko argazkia Orkatzeko bazkarian ateratakoa da.

Hutsuneak betetzeko lekua

1993ko ekainaren 23an zabaldu zituen arteak Orkatz kultur elkarteak. Kultur arloan hutsuneak zeudela ikusita, "ezkerreko hainbat lagun" biltzen hasi zen, zituzten kezkekin eta mundu ikuskerarekin bat zetorren leku bat sortzeko asmoz. Erdikalean ireki zuten lokala, eta denetariko kultur ekintzak egin dituzte ordutik bertan. Kultur elkartea ez ezik, taberna ere bada Orkatz hastapenetatik, eta hamaika izan dira barraren atzean lanean aritu izan diren lagunak.

Garai zailak

2006an herriko tabernen ondasunen inbentarioa egitea agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta agindu horri erantzunez, Ertzaintza Orkatzera sartu zen urriaren 26an. Gorenak esan zuen "Batasunaren legez kanporatzea guztiz gauzatzeko ezinbestekoa" zela ondasun horien likidazioa egitea. Berehalakoak izan ziren erreakzioak. Orkatz kultur elkarteak gertaera hura "Euskal Herriaren alde dauden eragileen aurkako erasoaldia" izan zela salatu zuen. Gorenaren erabakia gaitzesteko, Orkatz atarira hurbildu zen hainbat herritar, eta tentsio uneak izan ziren. Epaileek ezin izan zuten frogatu herriko tabernak Batasunarenak zirela.

Festetan ere aldarria kalera

Lehen Amnistia zen taldea Herrira deitzen da gaur egun, eta sansebastianetako danborradarako prestaketa guztiak Orkatzen egiten dituzte. Danbor-jotzaileak bertan elkartzen dira festa hasi baino lehen, eta handik abiatzen dira desfilera. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko aldarriak zabaltzen dituzte festaz gozatzen duten bitartean.

Bilgunea

Herriko zenbait kuadrillen bilgune ere izan da Orkatz sortu zenetik, eta lagun artean kultur elkartean hitz emandako apustu bat baino gehiago ere egin dituzte. Lagun giroan jokatu izan dituzte horietako asko, eta ikusmin handia piztu izan dute. Gogoangarria izan zen, esaterako, 2005ean Gaizka Otamendik eta Orhantza Alegriak Loiolako Inazio Hiribideko zelai batean jokatu zuten sega apustua.

Musikari gazteen plaza

Kultur elkartea izanik, poesia emanaldiek, hitzaldiek nahiz bertso saioek ez dute hutsik egin Orkatzen; eta zer esanik ez kontzertuek. Zuzeneko musika emanaldi askoren lekuko izan da Orkatz, eta gazte askoren lehen plaza; tartean, herriko musika taldeena.

Eragile ere bai

Orkatzek herritar ugarirekin du harremana, baita beste hainbat kultur eragilerekin ere. Azpeitiko Kultur Mahaiko kide ere bada kultur elkartea. Orkatzen egoitza Erdikalean dagoen arren, herriko beste hainbat tokitan ere egin izan dituzte ekintzak. Goiko argazkian, Porrotx kalejiran.

Epaiaren aurrean, erresistentzia

2014ko uztailaren 30ean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko tabernen auziaren epaia. Hogei auzipeturentzat hiru urtera arteko espetxe zigorrak eta 103 herriko taberna konfiskatzea agindu zituen auzitegiak ­–tartean Orkatz–, "ETAren egitura finantzatzea" egotzita. Taberna horien jabetza Espainiako Estatuarena da orduz geroztik. Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurrean desadostasuna agertzeko, hainbat mobilizazio jendetsu egin zituzten herrian. Goiko irudian, erresistentzia irudikatzeko herri harresi bat irudikatu zuten dozenaka lagunek Orkatz atarian.