Euskaltzain urgazle izendatu dute Xabier Euzkitze

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 13:10

Joan den ostiralean, Euskaltzaindiko batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean aritutako Gipuzkoako, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko hamabi urgazle berri izendatu zituen hizkuntza akademiak, eta haien artean dago azpeitiarra.

Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle berri izendatu zituen, eta haien artean da Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966) bertsolaria eta telebista aurkezlea. 2015az geroztik, berriz, Donostiako Udalaren kultur aholkularia da.

Joan den ostiralean egin zuen Euskaltzaindiak bilkura Bizkaiko foru jauregian, eta han izendatu zituen urgazle berriak. Euskaltzaindiak ohar bidez jakinarazi duenez, hango batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ari diren pertsonak dira izendatu berri dituztenak. Hain zuzen ere, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko kideak izendatu dituzte orain — Arabakoak eta Nafarroakoak duela bi urte egin zituzten—. Euzkitzez gain, honako hauek dira Euskaltzaindira batu diren urgazleak: Andres Alberdi Gorostiaga, Josu Pikabea Torrano, Luis Mari Zaldua Etxabe, Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza, Gotzon Lobera Revilla, Celine Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.