Saninazioak 2018

Hasi dira saninazioetarako prestaketa lanak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 24a, 16:28

Joan den asteburutik festa usaina nabari da herrian, eta saninazioetarako azken prestaketa lanak hasi dira jada. Atzo, astelehena, ekin zioten Done Jakue kaleko zezen plaza txikia muntatzeari, eta datozen egunetan jarriko dituzte harea zein harmailak.

Zelai Luzeko karpa bihar iritsiko da, eta egun horretan bertan muntatuko dute kanpoko egitura. Dena den, edarien barra ez dute zabalduko hurrengo astera arte. Ohi bezala, uztailaren 30eko herri bazkariaren osteko jolasekin batera irekiko dute karpa. Haujijijai festa herrikoien aldeko batzordeak plazan jarri ohi duen txosna, berriz, asteburuan jarriko dute. Hain zuzen, Sagardo Txapelketa bukatu ostean hasiko dituzte muntaketa lanak, eta ia arratsalde guztia emango dute horretan. Izan ere, gauean bertan irekiko dute txosna aurrenekoz. Egun horretan kontzertuak eta Dj-ak izango dira plazan.