Laxaro Azkune: "Haurtzaroan, sexualitatea gai tabua zen etxean"

Uztarria.eus 2018ko uzt. 24a, 12:47
Laxaro Azkune. (Haizea Egiguren)

Arlo ugaritan lan egina da Laxaro Azkune. Uztaileko Uztarria aldizkarian berari egokitu zaio Azpeitiko Udaleko Arremanitz Sexu eta Bikote aholkularitza zerbitzuko Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek Erotikan Plax! atalerako egindako galderei erantzutea.

Aurkezlea, gai-jartzailea, idazlea, kulturzalea, Gure Esku Dagoko kidea... Nolakoa da Laxaro Azkune?

Euskal Herri bizi bat nahi duen pertsona, martxan diren dinamiketan alea jartzen saiatzen dena.

Haurtzaroan, nola bizi izan zenuen sexualitatea?

Etxean gai tabua zen. Sexualitatea ugalketarekin lotzen zen orduan, eta guk baserrian animaliei esker ikasi genuen zer zen hori.

Ekainaren 10eko giza katean herri libre bat aldarrikatu zen. Sexualitatean zer dago gure esku?

Geure buruan ditugun tabuak gainditzea, naturaltasuna lortzeko.

Sexualitateari buruzko herri galdeketan, zer galdetuko zenieke herritarrei?

Norbera prest al dagoen lehenik bere burua osotasunean onartzeko, eta ondoren ingurukoak.

Bertsolaritza adina aldatu al da sexua?

Pauso garrantzitsuak eman dira, asko aurreratu da. Presentzia hartu du, eta aniztasunak lekua du. Noski, praktikan bada zer hobetu oraindik.

Zer gai jarriko zenieke hiru belaunalditako emakumeei?

Nola bizi duten orgasmoa.

Sexualitatean, idatzitako bertsoak ala bat-batekoak?

Biak. Bat-batekoak inpaktua sortzen du, baina pentsatu eta ondo esandakoa ere ederra da!

Zer behar da plazan gustura sentitzeko?

Aurrena, ausardia. Eta pauso hori emandakoan, norbere buruarekin konfiantza.

Zer bertsok berotu zaitu gehien?

Bertsoak baino kantuak esango nuke. Udako ilunabar fresko batean, gustuko lagunarekin kantu eder bat entzuteak.

Bertso doinu sentsual bat?

Gazteak ginela Xabier Leteren abesti bat kantatzen genuen: "Gauez bakardadean...".

Aita edo irakasle izanda, sexualitateari lotutako kuriositaterik bai?

Ikasleekin sexualitatea lantzea erabaki genuen, eta hala esan zidan guraso batek: "Mesede ederra egin didak!".

Jolaserako beharrezkoa da?

Gogoa.

Zerk zirikatzen zaitu?

Usainak.