Aitor Zubizarretak Trapa Palencian jokatuko du hurrengo denboraldian

Uztarria.eus 2018ko uzt. 23a, 20:26
Aitor Zubizarreta, Azpeitiko kiroldegian. (Maialen Etxaniz)

Joko antolatzaile azpeitiarrak Urrezko LEB Ligan jokatuko du Trapa Palencia klubarekin. Zubizarretak urtebeterako sinatu du kontratua. "Jokalari bezala hazten joateko aukera ona" dela uste du saskibaloi jokalariak, eta Palenciarekin aritzea "erronka polita" izango delakoan dago.

Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalariak Espainiako Urrezko LEB Ligako Trapa Palencia klubarekin fitxatu du. Gaur, astelehena, jakinarazi du berria Palentziako (Gaztela eta Leon, Espainia) taldeak. Zubizarretak Uztarriari azaldu dionez, urtebeterako sinatu du kontratua Trapa Palenciarekin, eta pozez hartu du berria. 

Joko antolatzaileak adierazi duenez, Gaztela Leongo kluba Urrezko LEB Ligako "punta puntako taldea" da uneotan. Hori dela eta, Zubizarretak uste du Trapa Palencia taldearekin fitxatu izana "jokalari bezala hazten joateko aukera ona" dela. Hori ez ezik, "erronka polita" izango delakoan dago. 

Pausoak ematen jarraitzeko prest

Umetatik saskibaloiari estu lotuta egon da Zubizarreta. Gaztetxoa zela hasi zen Iraurgi Saskibaloi Taldearekin jokatzen, eta bertan aritu zen urte luzez, 2013an AEBra joan zen arte. Zubizarretak 18 urte zituela utzi zuen Azpeitiko kluba, Portlandera (Oregon, AEB) joateko. Han, saskibaloian aritu ez ezik enpresa ikasketak egin zituen. Idaho College taldearekin bizitako lau urteko esperientziaren ostean, etxera itzuli zen iazko ekainean. Euskal Herrira iritsi bezain pronto hasi zen entrenamenduekin, eta abuztua amaitu aurretik Bilbao Basket taldearekin fitxatu zuen Zubizarretak. Bizkaiko taldeak Iraurgi SB taldeari utzi zion jokalaria, eta horrenbestez, urriaz geroztik Sammic ISB taldearekin aritu zen joko antolatzaile azpeitiarra, Urrezko LEB ligan.

Azken denboraldia "ez zen erraza izan" Zubizarretarentzat, Bilbao Basket nahiz Sammic ISB mailaz jaitsi baitziren. Azpeitiko kluba Urrezko LEB Ligan aritu zen, baina ezin izan zion mailari eutsi, eta Zilarrezko LEB Ligan izango da hurrengo denboraldian. Bilbao Basket taldeari, aldiz, handi geratu zitzaion Espainiako ACB Liga, eta Urrezko LEB Ligara jaitsi zen. Zubizarretak azaldu duenez, Bizkaiko taldea mailaz jaitsi izanak eraman du "kontratuko zenbait gauza negoziatzera". Joko antolatzaile azpeitiarrak hiru urterako sinatu zure kontratua Bilbao Basket klubarekin.

Azpeitiarrak azaldu duenez, denboraldi berriari begira, Urrezko LEB Ligan jarraitzeko eskaintza egin zion Bizkaiko taldeak, baina "aukera hobea" izango zelakoan erabaki zuen Trapa Palenciara mugitzea: "Bilbao Basketen eskaintza nuen, baina kirolari moduan hazten jarraitzeko Palenciarekin fitxatzea aukera hobea izango zela pentsatuta hartu genuen erabakia". Uda sasoian entrenatzen jarraituko du azpeitiarrak, eta dagoeneko "gogotsu" dago taldekideak ezagutzeko eta haiekin lanean hasteko. Finean, denboraldi berriak ekarriko dionari ilusioz eusteko pronto dago Zubizarreta.