Olatz Prat: "Kultur transmisioa helburu estrategikoa da"

Uztarria.eus 2018ko uzt. 23a, 14:25
Olatz Prat. (Julene Frantzesena)

Dagoeneko osorik irakur daiteke webgune honetan uztaileko Uztarria aldizkaria (PDF formatuan, hemen). Herri aldizkariaren 207. zenbaki horretan dator Julene Frantzesena kazetariak Olatz Prat Azpeitiko Kultur Mahaiaren lehendakari berriari egindako elkarrizketa hau.

Abeslaria, sortzailea eta kulturzalea. Martxoaz geroztik, Azpeitiko Kultur Mahaiko lehendakaria ere bai. Olatz Pratek gogoz ekin dio egiteko berriari, eta herrian kultura behar duen tokia hartzen hasita dagoela uste badu ere, erronka ugari dituztela azaldu du.

Lehen urratsak 2006an egin ostean, 2008an hasi zen modu iraunkorrean eta jarraikorrean funtzionatzen Azpeitiko Kultur Mahaia. Hamar urteotan egin du euririk...

Egin du, bai. Denean bezala, hasieran indar, ahalegin eta izerdi asko jarri zen gaur egun den kultur mugimendu guztia martxan jartzeko, eta badirudi aireratze fase hori gaindituta, abiadura egonkortu egin dela. Lan izugarria egiten duen jende asko dago, meritu itzela daukate.

Kultur Mahaiaren helburu nagusia Azpeitian kultura indartzea dela dago jasota elkartearen estatutuetan. Lortu al du helburua? Zertan asmatu da eta zertan ez?

Nabarmen baietz esango nuke, batez ere kultura herriko lehentasunen artean jarri delako. Kultura behar-beharrezkoa da herritarren bizikidetzarako eta kohesiorako, eta ulertzen ari gara kultura bizi, elikatu, zaindu eta indartu egin behar den zerbait dela. Horretan zeharo asmatu dela esango nuke. Bestalde, esango nuke beti daudela hobetzeko eta sakontzeko arloak: komunikazioa, esaterako; eragileen eta herritarren arteko bi norabideetako komunikazioa.

Kultura indartzea ez ezik, honako hauek ere baziren hasierako helburuak: kultur arloko pertsonak nahiz taldeak elkartu, herriko kultur arloa antolatu, kultur azpiegiturak zabaldu eta kultur egutegi orekatua sortu. Helburu horiek bete direla esan al dezakezue?

Uste dut helburuak betetzen ari garela. Kultur Mahaiak ahalbidetu du herriko eragileak saretzea eta elkarren arteko harremanak erraztea, eta horiei nolabaiteko etxe komun bat eman zaie, eskaerak, kezkak eta proposamenak partekatzeko. Horrez gain, funtsezko piezak izan dira Sanagustin kulturgunea eta Soreasu antzokia. Kultur arloa antolatuta dagoela bistakoa da; Udalarekin elkarlanean, kultur eskaintza zabala, orekatua, landua eta aberatsa izan dadin lanean ari gara. Horrez gain, askotariko kultur diziplinei bide ematen ere bai, jendearen beharrei erantzuten saiatzen, orainean ez ezik etorkizunean ere pentsatzen... Helburu batzuk betetzen ari gara, eta helburu berriak etengabe ari dira sortzen.

Zeintzuk dira Kultur Mahaiaren erronka berriak?

Kultur Mahaiak sormena eta transmisioa izan ditu ardatz hasieratik, eta datozen urteotan Soreasuko Sormen Guneak bi arlo horietan jauzia ematen lagundu behar digu: sormena babestuz eta indartuz batetik, eta sormenaren bitartez transmisioa bermatuz, bestetik. Ezinbestekoa dugu, gozamenaren bidez, belaunaldi berriak gure jardunera erakartzea, eginez, huts eginez, ikasiz, elkarbanatuz.

Kultur arloan urrats ugari egin da azken urteotan herrian: Kultur Mahaia sortu ostean, haren eskutik etorri da Kulturaz kooperatiba. Zer ekarri dute horiek herrira?

Mahaia eta Kulturaz ez dira herrira etorri, herritik sortu dira. Horixe dute ona Kultur Mahaiak eta Kulturazek, Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak: herritarrek egindako lanari esker sortu ziren, eta herriko jendeak egunero egiten duen lanari esker daude bizirik eta ari dira etorkizuneko proiektuak lantzen. Kultur eskaintza oparoa eta anitza gauzatzeko modua ekarri dio herriari Kulturazek, baita egunero horretan lanean ari den jendearen inplikazioa eta elkarlanean proiektuak egiteko aukera ere. Funtsean egitura egonkor bat, aurrera begirako proiektuak eta norabidea ekarri ditu.

Azpeitiko kultur mugimendua eta eskaintza askotarikoa eta ugaria da. Kultur ekitaldi asko izateak berarekin al dakar kulturzaletasuna sortzea edo bermatzea?

Lehen gutxiegi, eta orain ezin denera iritsi! Nahiago dut, hala ere, aukeratu beharra izatea, non aukeraturik ez izatea baino. Egia da Azpeitiak 14.000 biztanle dituela, baina uste dut Azpeitiko kultur eskaintzak aspaldi gainditu zituela herriko mugak; izan ere, Azpeitia kultur erreferentzia bihurtzen ari da gure mugez kanpo ere. Adibide batzuk jartzearren: Euskal Herrikoez gain, Espainiako eta nazioarteko artista ugari pasatu da gure oholtzetatik, eta horiek herriko nahiz herritik kanpoko jende ugari erakarri dute. Bestalde, Euskal Herri osoko antzerki konpainiak ari dira Sormen Egonaldiez gozatzen, eta Zizurkilgo Udalarekin eta Italiako Napoli hiriko ENNEA elkartearekin Erasmus+ GazteArt truke programa ere gauzatu zen iaz. "Azpeitiarrok azpeitiarrontzat" baino zerbait zabalagoa da hau jada. Nik uste kulturzaletasuna sortzeko eta bermatzeko modu bat dela kultura bera bizirik mantentzea, etengabeko mugimenduan egotea. Gelditzen bada, hiltzen bada, akabo.

Kultur transmisioa askotan aipatzen da helburu moduan. Zein dira herrian transmisio hori bermatzeko gakoak?

Transmisioa helburu estrategikoa da. Garrantzitsua da guretzat Azpeitiko eta Euskal Herriko kulturarekiko jakin-mina eta hari buruzko ezagutzak helaraztea belaunaldi berriei; hau da, lehengoen ondarea oraingoen eskura jartzea horiek modu erakargarrian eta naturalean barnera dezaten. Finean, nondik gatozen jakiteak ere egiten gaitu garena. Dena den, transmisioaren lehengoetatik oraingoetara norabide bakarreko ikuspegia zabaldu egin behar dugu, nire ustez transmisioak norabide guztietakoa izan behar duelako. Gazteek ere badute helduagoei eskaintzekorik, esateko eta emateko asko dute belaunaldi berriek ere, eta esan beharrik ez da talentua soberan dutela. Gure zereginetako bat izan behar luke komunikazio fluxu hori bermatzen saiatzea; guztientzako espazioak sortzea eta jendeak elkar ezagutzeko eta horiek elkarrekin nahasteko aukerak bideratzea.

Sanagustin kulturgunea ez ezik, Soreasu antzokia ere Kulturaz kooperatibak kudeatzen du. Orain, gainera, Sormen Gunea eraikitzeko lanak hasi ditu Udalak. Zer ekarriko du herrira Sormen Gune horrek?

Sortzaileek beren lanak gauzatzeko espazio fisiko bat izango da, eta horiek sormen prozesuan izan ditzaketen arazoak, oztopoak edo zalantzak gainditzen laguntzeko komunitate bat ere aurkituko dute bertan. Sormen Guneak esperientziak partekatzeko leku bat izan nahi du, sortzaileari bidea errazteko tresna bat. Nahiko genuke, gainera, gune horretan sortzen diren gauzak herritarrei gerturatzeko eta eskaintzeko bideak zabaltzea, ez daitezen izan Sormen Gunean hasi eta amaitzen diren zerbait eta herriaren kultur dinamika orokorrarentzat aberasgarri izan daitezen.

Sorkuntza bekak, Dinamoa gunea... Sormena ere bada Kultur Mahaiaren ardatzetako bat. Osasuntsu al dago sormena Azpeitian?

Bada sortzeko gogoz dagoen jendea, eta ez da gutxi. Hala ere, jende horri babesa, giroa eta laguntza ematea da gure asmoa: lanerako, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko leku bat, proiektuak garatzeko baliabideak, sare bat. Sorkuntza bekak garrantzitsuak dira bide horretan, eta Dinamoa zer esanik ez. Sortzaileak babesa sentitu behar du, egin nahi duen hori egiteko modua baduela, baina erantzun bat ere bai, giroa, elkarrizketa eta aurrera egiten lagunduko dion komunitatea.

Herriko kultur talde guztiek osatzen dute Kultur Mahaia. Nola saretzen dira horien guztien arteko harremanak?

Hori teknikariari galdetu beharko zaio... Gauza guztietan bezala, afektutik hasten dira askotan gerora produktibo bilakatzen diren harremanak, eta informalak izaten dira hasieran harreman asko eta asko. Baina egia da, barne komunikazioaren bitartez, sistematizatuta ere badaudela harremanak; izan ere, hainbat batzar egiten du Kultur Mahaiak.

Herriko taldeek elkarlanean hainbat ekitaldi egiten dute urtez urte. Taldeen arteko elkarlana sustatzea lortu du Kultur Mahaiaren dinamikak, ezta?

Bai, hori du eginkizunetako bat. Herriko kultur eragileak elkartuta sortu zen Kultur Mahaia, eta herriko kultur eragileek elkarrekin lan eginda ikasten dute elkarrengandik gehien. Bertako kulturgileak balioestea da oinarria, aintzat hartzea, horiei lekua egitea eta agertokia ematea. Bakoitzari gustatzen zaion horretan lan egitea eskatzen diozunean, erantzuna beti izaten da ona, eskuzabala.

Zer da kultura zuretzat?

Gizaki egiten nauen hori, neure buruaz hausnartzeko eta neure burua ezagutzeko bidea, besteak –beste pertsonak, beste kulturak– ezagutzeko eta horiek errespetatzeko ezinbesteko tresna. Eta, batez ere, gozamena. Hori dena da kultura niretzat.

Sortzaile zaren aldetik, nola bizi izan duzu Azpeitiko kulturaren bilakaera?

Baikortasunez begiratzen diot bilakaera horri, kultura ari da merezi duen lekua hartzen. Herrian gero eta espazio gehiago dago sortzaileentzat eta sormenarentzat, eta hori beti da ona.

Azpeitia bezalako herri batean erraza egin al zaizu kultur arloan aurrera egitea?

Txikitatik hartu izan dut parte herriko kultur egitasmoetan, musikaren arloan, batez ere: musika eskolako kontzertuak, bakarlari moduan edo taldeetan eskainitako emanaldiak, hainbat talderekin egindako kolaborazioak, herriko ekitaldi desberdinen abestietan edo dena delakoetan egindako ekarpenak... Beti sentitu izan naiz estimatua eta errespetatua herrian. Egin nahi izan ditudan gauzak egin ahal izan ditut, eta hori bera ez da gutxi. Kulturan aurrera egitea bezain zaila da lehen pausoa ematea, eta alde horretatik oso presente daukat Juan Antxieta musika eskolak nigan izan duen eragina; izan ere, musika eskolan jabetu nintzen musikak eta abesteak sortzen duten plazeraren tamainaz.

Kultur arloarekin lotura estua izan duzu. Nola hartu zenuen lehendakari izateko proposamena?

Jaso izan dudan horri guztiari bueltan zerbait emateko modu bat dela uste dut. Uste dut herritar gisa denok dugula herriarekiko ardura bat edo zor bat, komunitatearen alde zerbait egiteko betebehar moral bat. Lehendakari naizen bitartean, nire helburu nagusia izango da herriko kultur mugimendua indartzeko eta sendotzeko lanean gogor ari diren horiei babesa eta laguntza ematea, ekarpenak egitea eta lagun dezakedan guztian laguntzea.