Harrera beroa jaso dute Euskal Herriko Herriarteko pilota txapeldunek

Uztarria.eus 2018ko uzt. 23a, 11:35

"Denborarekin ohartuko gara egiten ari garenaz". Hala esan zien Josu Uzkudun Ilunpeko pilotariak herritarrei udaletxeko balkoitik, Euskal Herriko eskuzko Herriarteko kopa eskuan zuela. Izan ere, herrian ohikoa bilakatzen ari den irudia errepikatu zen atzo iluntzean; Ilunpeko pilotariek laugarren urtez irabazi zuten atzo Euskal Herriko txapelketa, joan den hilean Gipuzkoako Herriartekoaren laugarren txapela eskuratu ostean. Hori hala, beste behin Udalaren eta herritarren harrera beroa jaso zuten pilotariek. Txarangaren laguntzarekin Erdikaletik kalejiran iritsi ziren txapeldunak eta Ilunpeko kideak herriko plazara, eta herritarren txalo artean jaso zituzten pilotariak. Ondoren, udaletxeko balkoira igo ziren guztiak, eta han hartu zuen hitza Uzkudunek. Herritarteko txapelketetako orain arteko lorpenak errepasatu ondoren, onartu zuen atzoko garaipenak ez diela lehenengo txapelak bezalako "poza" eragin, halako final bat irabazteak daukan "zailtasunaren" jakitun badira ere.

Udaletxe barruan, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak zorionak eta eskerrak eman zizkien pilotariei, eta hark ere berretsi zuen denbora igarota izango direla "kontziente" egindako lanaz.