Azpeitia, Euskal Herriko txapeldun

Uztarria.eus 2018ko uzt. 22a, 15:32
(Azpeitiko eta Amurrioko pilotariak eta Udal ordezkariak, finaleko sari banaketan. (EHPF)

Bigarren urtez jarraian, Euskal Herriko eskuzko Herriartekoaren txapela jantzi dute Ilunpeko pilotariek. Azpeitiarrek Amurrio izan dute parez pare Zornotzako pilotalekuan jokatutako finalean, eta Azpeitikoak aise nagusitu dira markagailuan, hirutik hiru partida irabazita (22-17; 22-11; 22-13). Azpeitiko pilotariei gaurkoan ere ez zaie herriko zaleen babesik falta izan. Udalak arratsaldean egingo die harrera txapeldunei.

Azpeitira bidean da Euskal Herriko Herriartekoaren txapela. Izan ere, beste urte batez, Azpeitiak irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa, finalean Amurrio 3-0 mendean hartuta. Laugarren aldiz jantzi du gaur, uztailak 22, Azpeitiak Euskal Herriko Herriartekoaren txapela, eta gaurko garaipenarekin, Euskal Herriko Herriartekoaren historian txapel gehien dituen herria da.

Iaz jantzi zuten azkenekoz Euskal Herriko txapela Ilunpeko pilotariek, eta hori defendatzeko pronto atera dira Zornotzako (Bizkaia) Udal Pilotalekuko kantxara, Amurrio mendean hartzeko helburuarekin. Lehen bi partidak irabazitakoan hasi da festa. Azkar iritsi da berria herrira, eta Umeen Eguneko erraldoien dantza emanaldia aprobetxatu dute udaletxeko bozgorailuetatik berria zabaltzeko. 

Lehen partida, kadeteena, Unai Alberdik eta Jakes Elosegik jokatu dute, eta 22 eta 17 nagusitu dira. Bigarren partida, jubenilena, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek jokatu dute, eta horiek ere nagusi izan dira markagailuan, Amurriokoak 22-11 mendean hartuta. Daniel Murgiondo eta Jon Alberdi seniorrak ere markagailuan gailendu dira, 22 eta 13. 

Gaurkoan ere Azpeitiko zaleek ez dute hutsik egin, eta hainbat izan dira Ilunpeko pilotariak animatzera Zornotzako pilotalekura hurbildu direnak.

Ohi bezala, Azpeitiko Udalak harrera egingo die txapeldunei gaur arratsaldean. Udalak iragarri duenez, 20:00-20:30 aldera hartuko dituzte pilotariak udaletxean. Ilunpeko pilotariak Perez Arregi plazatxotik abiatuta, kalejiran joango dira udaletxera. 

Gaurko kapituluarekin eman dio amaiera Azpeitiak joan den maiatzean hasi zuen istorioari, ezin hobeto, gainera. Kanporaketetan bikain aritu ostean, ekainaren 30ean jokatu zuten Ilunpeko pilotariek Gipuzkoako Herriartekoaren finala Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Ataun izan zuten parez pare, eta markagailuan 2 eta 1 irabazita itzuli ziren etxera. Uztailaren 15ean eskuratu zuten Euskal Herriko Herriartekorako txartela, finalaurrekoan Iruñeari 3 eta 0 irabazi ostean.

Azpeitiak lautan irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa. Hain zuzen ere, 2008an2015eaniaz eta aurten. Ziur hurrengo urtean ere txapela ongi defendatzera irtengo direla Ilunpeko pilotariak.