'Azpeitiyen zer' gertatzen den erakutsi dute dozenaka lagunek Gaztetxearen baltsa jaitsieran

Uztarria.eus 2018ko uzt. 21a, 15:23

Joan den uztailaren 15ean hamahiru urte bete ziren Azpeitiko Gaztetxeko ateak zabaldu zirenetik. Hamahirugarren urtemuga ospatzeko egun osoko festa antolatu dute gazte asanbladako kideek gaurko, eta urtero egin ohi duten bezala, hamaiketakoarekin eta baltsa jaitsierarekin ekin diote urteurren jaiari. 11:00ak pasatxoan jarri dituzte baltsa guztiak ikusgai plazan, eta 12:00ak ondo jota, suziriarekin eman diote hasiera baltsa jaitsierari (Bideoa, hemen). Azoka Plaza ondotik abiatu dira parte hartzaile guztiak, eta Madalena pareraino joan dira batzuk baltsa gainean eta besteak tiraka, ahal zuten moduan. Plaza ingurua eta Zelai Luze aldea jendez lepo bete da baltsa jaitsieraren unean.

Aurten, gai bat proposatu edo luzatu zuen Gaztetxeak baltsa jaitsierarako: Azpeitiyen zer?. Galdera horri erantzunez egin dituzte baltsa guztiak; hamahiru, hain zuzen. Sokamuturra, Azpeitiko Cool Tour-a, Azpeitiko emakume pilotariak, Azpeitiko txakur kakak, turistak eta txu-txu trena, zezen plaza, pintxo-poteoa, motozaleak eta autozaleak, irekitzekoak diren apustu etxea, Fideo Mileto taberna eta bertako eskulturak irudikatu dituzte, besteak beste, gaurko baltsa jaitsieran. 

Baltsa jaitsiera bukatu da, baina egun osoko egitaraua prestatu dute gaztetxekoek. Hemen datozen orduetarako prestatu dituzten ekintzak:

14:30ean bazkaria gaztetxean. 

17:00etan karropoteoa eta jolasak. 

Ondoren, pintxo-jana gaztetxean. 

22:30ean kontzertuak: Marianitos Blai eta Pellanbre.