Saninazioak 2018

Bihar zabalduko du Uztarriak festetako tonbola, inoiz baino sari gehiagorekin

Uztarria.eus 2018ko uzt. 20a, 14:16

Hamar urte beteko ditu aurten Uztarriak diru-sarrera propioak lortzeko abiatutako proiektuak. Komunikazio taldeak uztailaren 21ean, 22an, 27an, 28an, 29an, 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean zabalduko ditu tonbolako ateak. Bertan merkatarien elkarteak, herriko hainbat saltokik, tabernek, jatetxek, ileapaindegik, harategik, gozotegik eta abarrek babestu dute ekimena.

Badatoz herriko festak, eta horiekin batera, hamargarren urtez badator Uztarria Komunikazio Taldearen tonbola ere. Bihar, uztailaren 21ean, irekiko ditu ateak tonbolak, eta 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Igandean, berriz, 12:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 21:00etara zabalduko ditu ateak. Iaz bezala, Erdikaleko bigarren zenbakian jarriko du tonbolaren egoitza Uztarriak, Geu arropa dendaren pareko lokalean. 

Beste urte batez, komunikazio taldeak eskerrak eman nahi dizkio tonbola posible egiten duten laguntzaile guztiei. Bertan merkatarien elkarteak eta herriko hainbat saltokik, tabernek, jatetxek, ileapaindegik, harategik, gozotegik eta abarrek babestu dute ekimena.

Uztarriak diru-sarrera propioak lortzeko jarri zuen martxan tonbolaren proiektua, eta bizirik jarrai dezan, beharrezkoa da babesle guztien laguntza. Baita tonbola irekita egoteko txandak egiten dituzten herritarren laguntza ere. Eskerrik asko guztiei, benetan!

Zazpi egunez zabalik

Aurten ere zazpi egunez irekiko ditu ateak Uztarriaren festetako tonbolak uztailaren 21ean, 22an, 27an, 28an, 29an, 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean.

Ordutegiari dagokionez, zapatuan 17:00etatik 20:30etara izango da zabalik. Igandean, berriz, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Uztailaren 27an, 17:00etatik 20:30era, eta uztailaren 28an, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean, aldiz, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:00etara izango da zabalik.

Inoiz baino sari potoloagoak

Urtero bezala, euro baten truke tonbolako bi txartel erosi ahal izango dira. Aurten, oparien zerrenda inoiz baino luzeagoa izango da, eta inoiz baino sari potoloagoak banatuko dira. 

Saridun txartelez gain, zozketarako zenbakidunak ere ez dira gutxi izango. Bi lagunentzako bi asteburu pasa, otarre bikaina eta netbook bat izango dira azken zozketan banatuko ditugun sariak.

Hamargarren tonbolaren spot-a, hemen.

Honakoak dira aurtengo tonbola babestu duten saltokiak: