Hilabete osoz hamaika jarduera egin ondoren, Azpeitiko Gazteria Saileko udalekuetako kideek gaur dute azken eguna, eta amaieraren atarian, aurtengo jardunaren balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek. "Uste dugu herriko haur eta nerabeei eskaintza oparoa eskura jarri diegula, eta euren erantzuna izugarria izan da. Gogotik gozatu dute".
Aurtengo udalekuetan 633 ume eta gaztetxok parte hartu dutela jakinarazi dute, eta begiraleen taldea, berriz, 38 profesionalek osatu dute. Lehenengo aldiz, gainera, zaintza zerbitzua jarri dute martxan, eta horri esker, hainbat ume egon dira goizero Txiki Txoko ludotekan udalekuak hasi aurretik. Gazteria Sailaren arabera, zerbitzuak "erantzun ona" izan du, eta gurasoek ere positiboki baloratu dute eskaintza berria. Era berean, aurreratu dute zerbitzua hobetzeko jaso dituzten proposamenak kontuan izango dituztela hurrengo urtean.
Hilabete osoan ekintza ugari egin dituzte udalekuetan, eta horietako asko herriko eragileekin batera gauzatu dituzte, hala nola herriko beste udalekuekin, Xeye atletismo taldearekin, Antxieta arkeologia taldearekin, Lagun Onak txirrindulari taldearekin eta Ekoetxearekin. Eguraldia ere lagun izan dutela azpimarratu dute, eta horrek aurreikusitako ekintza guztiak aurrera eramaten ahalbidetu die.
Gaur, apar festarekin amaituko dituzte udalekuak, eta oporren ostean, Gazteria Sailak datorren ikasturtean jarriko ditu berriz zerbitzu guztiak martxan. Bien bitartean, eskerrak eman dizkiete udalekuetan bidelagun izan dituzten guztiei.