Saninazioak 2018

Herriko bederatzi gidarik parte hartuko dute zapatuko karting eta minimotard erakustaldian

Uztarria.eus 2018ko uzt. 19a, 15:01
Iazko lasterketan ateratako argazkia. (Utzitakoa)

Bosgarren aldiz antolatu dute Perez Arregi plazaren eta Damaso auzoaren bueltan 14:00etan hasi eta 20:00ak arte egingo den motor festa. 20tik gora pilotuk eman dute izena kart-en hiru mailetan. Motoetan, berriz, 40 bat pilotu gazte dira parte hartzekoak, baina eguraldiak baldintza dezake horien erakustaldia. Bestetik, umeentzako kart txikirik ez da izango parrokia atarian, azkenean.

Motor kirolen zaletuek hitzordua dute aurten ere saninazioen atarian. Etzi, hilak 21, egingo dute Azpeitiko 5. Karting eta Minimotard erakustaldia. 14:00etan hasi eta 20:00ak arte, Perez Arregi plaza kart eta motoentzako box bihurtuko da, eta plaza aurreko kalea eta Damaso auzunekoak, berriz, abiadura zirkuitu. Kart-ak hiru mailatan lehiatuko dira: alebin-kadeteak batera, automatikoak (125 cc) eta KZ kategoriakoak. Guztira, hogeitik gora gidarik eman dute izena hiru mailetan. Horietatik bederatzi dira herrikoak, bi alebin-kadeteak eta zazpi helduen kategoriatakoak.

Motoetan, berriz, DTM (Donostia Motor Team) eskolako ikasleek parte hartuko dute minimoto (3 eta 8 urte arteko gidariak) eta minimotard (6 urtetik aurrerakoak) modalidateetan. Horien artean izango da Markel Caballero 5 urteko azkoitiarra; bere mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen duela bi aste, Zueran (Zaragoza, Aragoi). Guztira, 40 parte-hartzaile espero dituzte antolatzaileek, baina azkenean moto lasterketarik ez egitea ere posible da. Izan ere, eguraldiaren aurreikuspenak eragiten die kezkarik; arratsaldeko lehen orduetan euri arriskua dago, eta euria egiten badu, motoena bertan behera gera daiteke.

Karting eta moto lasterketak borobiltzeko, herriko beste hainbat gidariren erakustaldiez gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Batetik, Iñaki Alberdi (Ford MK) eta Albitxuri (Kart Kross) lau aldiz irtengo dira zirkuitura erakustaldia egitera: entrenamendu libreak hasi aurretik (14:00), entrenamendu ofizialen aurretik (15:17) eta ondoren (16:52), eta finalen aurretik (18:50). Bestetik, lasterketa modalitate ezberdinetan lehiatzen diren Azpeitiko beste zortzi pilotu bitan ibiliko dira zirkuituan bata bestearen atzetik (entrenamendu ofizialen ondoren eta finalen aurretik), aurkezleak bakoitzaren berri ematen duen bitartean.

Entrenamendu libreak 14:10ean hasiko dira eta ofizialak 15:25ean; karting finalaurrekoak 17:00etan hasiko dira, eta horien atzetik jokatuko dira motoetako finalak. Karting finalak, berriz, 19:00etatik aurrera izango dira.

Erakustaldian zehar gogoan izango dute duela egun gutxi hil zen Kepa Otaegi motorzale azpeitiarra. Bestetik, iaz parrokia atarian ume txikiei zuzendutako kart txikiak erabiltzeko aukera izan zen egunean zehar, eta aurten ere egitasmo bera iragarria zuten antolatzaileek; azkenean, ordea, bertan behera gelditu da kart txikien hitzordua.

Aparkalekuak eta trafikoa

Ohi bezala, zapatu arratsaldeko lasterketek eragin zuzena izango dute ibilbidearen barruan gelditzen diren aparkalekuetan eta kale horietako trafikoan.

Batetik, zapatu goizeko zortzietarako hustu beharko dira ibilbide ondoko aparkaleku guztiak, hau da, Iberotarren plazakoak, Perez Arregi ondokoak, eta Ibai-Ondo eta Julian Elorza kaleetakoak. Horren truke, Soreasuko lur azpiko aparkalekua erabiltzea doan izango da asteburu osoan, ostiraleko 20:00etatik asteleheneko 08:00ak arte.

Bestetik, lasterketak irauten duen bitartean, manga bat bukatu eta hurrengoa hasi bitartean ireki egingo dituzte ibilbideko hesiak, Damaso Azkuetik eta Soreasutik irten nahi duten ibilgailuak pasatu daitezen.