Gaur da azken eguna Frantziako Tourra ikustera joateko irteeran izena emateko

Uztarria.eus 2018ko uzt. 18a, 15:08

Azpeititik autobusak aterako dira hilaren 24an, 25eko, 26ko eta 27ko etapak ikustera joateko. 190 euro ordaindu behar da –90 euro, 17 urtez azpikoen kasuan– eta Aitzaki Kirolak dendan eman daiteke izena.

Frantziako Tourraren Pirinioetako etapak ikustera joateko bidaia antolatu du aurten ere Oñatiko Markel Irizar peñak, eta beste behin, irteera horrekin bat egiteko aukera izango dute Azpeitiko txirrindularitza zaleek, herritik ere aterako baita autobusa. Joan nahi dutenek, hori bai, gaur dute izena emateko azken eguna.

Hilaren 24an irtengo da autobusa Azpeititik, eta hiru egun pasatuko dituzte zaleek Pirinioetan, hilaren 25eko, 26ko eta 27ko etapak ikusteko; Bagneres de Luchon-Saint Lary Soulan Col du Portet (uztailak 25), Trie sur Baise-Pau (uztailak 26) eta Lourdes-Laruns (uztailak 27) dira errepide bazterretik jarraitu ahalko dituzten hiru etapak.

190 euro ordaindu behar da irteera –90 euro, 17 urtez azpikoen kasuan–. Prezio horretan autobuseko joan-etorria, jatekoa eta edatekoa sartzen dira. Egonaldia kanpin dendetan egingo dute. Aitzaki Kirolak dendan edo 943 53 27 70 telefonora deituta eman daiteke izena.