"Txerriak, gure aldean txukunak"

Uztarria.eus 2018ko uzt. 18a, 15:08

Enegarren aldiz iritsi da Uztarriaren erredakziora Elizkalearen eta Done Jakue kalearen arteko kantoian dauden hondakinen edukiontzien irudia. Herritar batek gaur bidalitako argazkian ikus daitekeenez, batzuek lehengo lepotik burua. Izan ere, askotariko hondakinak –organikoa, plastikoa, errefusa...– ikus daitezke beirarentzako edukiontzi berdeen kanpoaldean.

"Txerriak, gure aldean txukunak", dio argazkiak bidali dituen herritarrak. "Kantoian egunotan ikus daitekeenak argi uzten du arazo bat daukagula", azaldu du hark. "Bost hilabete pasatu dira txiparekin hasi ginenetik. Beharbada iritsi da isunek funtzionatzen ote duten ikusteko garaia", gaineratu du.