Luis Agirre: "Etxeko jokalarien alde egin nahi dugu apustu"

Uztarria.eus 2018ko uzt. 18a, 13:22
Luis Agirre "Katxi" entrenatzailea. (ISB)

Luis Agirre (Azpeitia, 1990) Añares Rioja ISB taldearen entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Azpeitiarrak dio "ilusio handiarekin" ekingo diola erronka berri honi eta, era berean, aitortu du "oso gustura" dagoela.

Ibilbidea luzea egin duzu saskibaloian. Noiz hasi zinen mundu horretan murgiltzen?

Saskibaloiko lehen pausoak eskolarteko kirolean eman nituen. Infantil mailan hasi nintzen Iraurgi taldean jokatzen, eta orain dela lau urtera arte ibili naiz bertan. Entrenatzaile lanetan orain dela hamabi urte hasi nintzen, eta ordutik maila desberdinetako taldeak entrenatu ditut. Selekzioekin ere banabil: Gipuzkoako selekzioaren hautatzaile izan naiz bi urtetan, Euskal Selekzioko laguntzaile azken lau urtetan eta Espainiako Selekzioko laguntzaile azken hiru urtetan. Beti nesken taldeekin aritu naiz.

Euskadiko eta Espainiako selekzioetan ere ibilia zara, beraz. Zer moduzko esperientziak izan dira?

Oso esperientzia positiboak. Jendea ezagutzeko balio izan didate, eta asko ikasi dut. Beste maila bateko saskibaloia ikusteko eta lan egiteko beste modu bat ezagutzeko aukera eman dit..

Eta pixkanaka-pixkanaka, orain zauden lekura iritsi zara. Zein helburu jarri dizkiozu zeure buruari denboraldi berrirako?

Etxeko jokalarien alde egin nahi dugu apustu. Talde ona osatu eta joko ona egitea gustatuko litzaidake, eta ahalik eta emaitza onenak lortzea. Baina guztiaren gainetik, saskibaloiaz disfrutatzea da helburua.

Osasuntsu al dago saskibaloia herrian?

Bai, jendeak interesa erakusten du bai jokatzeko eta bai saskibaloia ikusteko. Herritarrek asko babesten dute saskibaloia, eta jarraitzaileen babesa ezinbestekoa da guretzat.

Zein da, zure ustez, nesken egoera orokorra saskibaloian?

Nesken saskibaloiak geroz eta ikusgarritasun handiagoa dauka, baina ez du mutilen saskibaloiaren oihartzun bera; horretan ez dago zalantzarik. Lan asko dago egiteko oraindik nesken saskibaloiak merezi duen aitortza izan dezan.