Saninazioak 2018

Udako festen harira, autodefentsa feminista ikastaroa antolatu dute Marea Arroxak eta Parekidetasun Sailak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 17a, 14:44

Asteartean izango da ikastaroa, eta bertan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Saioaren helburua da festa esparruan erasoak identifikatzea eta horiei aurre egiten ikastea. Ostiralean itxiko da izena emateko epea. 

Ate joka daude udako festak, eta horien atarian autodefentsa feminista ikastaroa antolatu dute Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak eta Marea Arroxak uztailaren 24rako. Egin aurre indarkeria sexistari. Nik, zuk, guk... ekin! lelopean deitu dute autodefentsa feminista saioa, eta herritarrei dei egin diete bertan parte har dezaten. 

Sustatzaileek adierazi dutenez, jaiak "emakumeenganako indarkeria espazio" bilakatzen dira: "Jakin badakigu festak eduki sinbolikoak dituzten jendarte eta kultur adierazpenak direla, errealitatearen adierazle kondentsatuak, alegia. Eta modu horretan, jaiak ere emakumeenganako indarkeria espazio bilakatzen dira". Horregatik antolatu dute ikastaroa, emakumeek erasoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskaintzeko. 

Astearteko autodefentsa feminista saioa goizez egingo dute, 10:30etik 13:30era, Emakumeen Txokoan. Bertan parte hartu nahi duten lagunek izena eman beharko dute aurrez. Horretarako, hiru aukera daude: Emakumeen Txokora joatea, bertara deitzea (943-15 70 55) edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidaltzea.