ELAk mobilizazioak hasi ditu, adinekoen egoitzetako lan hitzarmena berritzea eskatzeko

Uztarria.eus 2018ko uzt. 12a, 14:58

Patronalak hitzarmena berritzeko "aurrerapausorik" eman ez duela eta, beharginek mobizlizazioetara eta grebara joko dute datozen hilabeteetan. Gipuzkoako egoitzen artean, Azpeitiko San Martin egoitza eta eguneko zentroa ere badaude "blokeo egoeran".

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan hitzarmenak berritzeko negoziazio mahaia urtebetez irekita egon ondoren, mobilizazioei ekin die ELA sindikatuak, haien arabera, patronalak "aurrerapausorik" ez duelako eman. Egun, 2015-2016 urteei dagokien hitzarmena dute indarrean adinekoen egoitzetan, eta datozen bi urteetarako sinatu nahi dute lan itun berria. Besteak beste, soldatak igotzea eta baja eta kontzilizazio baldintzak hobetzea dute helburu langileek. Hitzarmena berritzeko, ordea, patronalaren "borondate falta" salatu dute, eta egoera herritarrei plazaratzeko protestak egingo dituzte datozen hilabeteetan.

Sindikatuaren nahia da sektoreko hitzarmena onartzea aurrena, eta ondoren, hura egoitzaz-egoitza sinatzea. ELAk adierazi duenez, Gipuzkoako egoitzen artean, Azpeitiko San Martin egoitza eta eguneko zentroa ere badaude "blokeo egoeran".

Bi fasetan egingo dituzte mobilizazioak: lehenengoak sozializazioa du helburu, eta, besteak beste, Gipuzkoako hainbat langilek eta ordezkarik ekitaldia egingo du bihar Donostian. Irailetik aurrera, berriz, grebara joko dutela irabagarri dute. Irailean, greba egun bat dute deituta; urrian, hiru egunez egingo dute greba; azaroan, bost egunez; eta abenduan, zazpi egunetan.

ELAk adierazi duenez, patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duten proposamena izan da "enpresa hitzarmena duten langileen soldatak izoztea, eskubide sozialak ezabatzea, enpresa hitzarmenak indargabetzea eta hainbat egoitzatako hobekuntzak desagertzea". Sindikatuak gogoratu du "sektore feminizatua” dela adinekoen egoitzena, eta hango langileek bizi duten "prekarietatea" salatu dute. Ildo horretan, dei egin die erakundeei auzian esku har dezaten. "Egoitzen beharra duten gero eta aiton-amona gehiago dago, eta hango ratioak desfasatuta daude. Martxoaren 8an entzuten dugu emakumeek jasaten duten soldata arrakala berdindu beharra dagoela, baina ondoren, ez dute praktikan jartzen".