Saninazioak 2018

Astelehenean irekiko da Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxarako izen-ematea

Uztarria.eus 2018ko uzt. 12a, 12:05
Iazko Umeen Egun Arroxako argazkia. (Haujijijai batzordie)

Aurten, uztailaren 22an ospatuko da Umeen Eguna. Hilaren 16an eta 17an eman beharko dute izena Marea Arroxak antolatutako Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxan parte hartu nahi duten lagunek. HH4, HH5 eta Lehen Hezkuntzako gaztetxoek eman dezakete izena. 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara jarriko du Marea Arroxak izen-ematea egiteko mahaitxoa. 

Urrestillako Festa Batzordearen lekukoa hartu du Marea Arroxak. Maiatzean hasi ziren lanean festa herrikoien aldeko batzordeko kideak, eta dagoeneko ia dena prest dute udako festetarako. Egitarauari azken zertzeladak ematen ari dira, baina dagoeneko jakinarazi dute Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxarako prestatu duten egitaraua. Bertan parte hartu nahi duten lagunek datorren astelehenean, hilak 16, eta asteartean egin beharko dute izen-ematea. Egun horietan, 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara jarriko dute izena emateko mahaitxoa plazan. Izen-ematea 4 euro ordaindu beharko da, eta aurreko urteko kamiseta ondo ez dutenei kamiseta berria banatuko zaie. Dena den, iazkoak berrerabiltzeko deia egin du festa batzordeak.  

Egitarauaren inguruko xehetasunak

Uztailaren 22an izango da aurtengo Umeen Eguna, eta data horretan izango da Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa ere. Bazkaria, jolasak, kantaldia eta kalejira antolatu ditu festa herrikoien aldeko batzordeak data horretarako.

14:00etan elkartuko dira ekintzetan parte hartzera animatzen diren gaztetxoak. HH4ko eta HH5eko haurrak Frontoi Txikian elkartuko dira. LH1, 2 eta 3 mailetako gaztetxoak, berriz, Done Jakue kaleko parkean. LH4, 5 eta 6 mailetako lagunak Ludoteka aurrean izango dute hitzordua. Behin elkartuta, bazkaria egingo dute, eta ondorengorako jolasak, dantzaldia eta kalejira antolatu ditu Marea Arroxak. Kalejira amaitzean, 17:30 aldera, gurasoekin elkartuko dira ekintzetan parten hartzen duten gaztetxoak.