Hemezortzi azpeitiar aterako dira Ehunmilak eta G2Haundiak mendi lasterketetan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 12a, 11:31
Korrikalariak Santutxon, iazko Ehunmilak lasterketan. (Nerea Uranga)

Ostiral gauean pasatuko da Azpeititik Ehunmilak ultra traila; 23:50 aldera igaroko dira korrikalari azkarrenak eta goizaldera arte jarraituko dute pasatzen parte-hartzaileek, 07:45 aldera arte.

Azpeitiko hemezortzi lagunek, hamasei gizonezkok eta bi emakumek, parte hartuko dute asteburuan Beasainen hasi eta bukatuko diren Ehunmilak eta G2Haundiak mendi lasterketetan. Gainera, bietan luzeena, Ehunmilak ultra traila, Azpeititik pasatuko da aurten ere.

Ugaitz Agirregomezkorta, Pedro Maria Aizpuru, Joxelu Albizuri, Aitor Cordoba, Ibon Lazkano, Artzai Ostolaza eta Jone Urkizu dira 168 kilometroko ibilbidea duen Ehunmilak lasterkertan aterako diren azpeitiarrak. Oskar Alkortak, Pello Angulok, Aitor Arregik, Ander Arrutik, Nerea Azpiazuk, Raul Cuadradok, Jexux Mari Errazuk, Arkaitz Garoñak, Aimar Iraolak, Unai Zialtzetak eta Aitor Zialtzetak, berriz, Goierri eskualdean egingo den G2Haundiak lasterketan eman dute izena; beste lau azpeitiarrek ere emana dute izena lasterketa horretan, baina itxaron zerrendan daude, momentuz. 88 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute G2Haundiaken.

Ostiral gauetik zapatu goizaldera

Aurten ere Azpeititik pasatuko da Ehunmilak lasterketa. Ostiralean, 18:00etan hasiko da lasterketa Beasainen; 23:50 aldera igaroko dira korrikalari azkarrenak Azpeititik eta goizaldera arte jarraituko dute pasatzen parte-hartzaileek, 07:45 aldera arte. Xoxotetik behera iritsiko dira herrigunera; kontrol eta anoa gunetik pasatu ondoren, Arauntza ingurutik gora jarraituko dute bidea, Zelatunen jarriko duten hurrengo kontrol gunera arte.