Etxebizitza berriek euskararen bilakaeran "nahiko eragin positiboa" izango dutela aurreikusten dute

Uztarria.eus 2018ko uzt. 17a, 20:18
Etxebizitzetako batzuk Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituzte.

Udalak eta Uemak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin dute, eta emaitzen arabera, etxebizitza berrien eraikuntzak euskararengan ez du eragin negatiborik izango. Udalaren arabera, euskara politikaren erdigunera ekarri beharra dago. Etxebizitza berriek euskararen egoerari sor dakizkiokeen kalteak murrizteko neurriak proposatu dituzte.

Azpeitian 2018 eta 2022 urteen artean eraikiko dituzten etxebizitzek eragin dezaketen inpaktu linguistikoa aztertu du Azpeitiko Udalak. Uemaren laguntzarekin, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egin du erakundeak etxebizitza publikoak eraikiko dituzten eremuetan, baita etxebizitza libreak egingo dituzten tokietan ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uemak joan zen agintaldian garatu zuten ELE, esku hartze batek izan dezakeen eragin linguistikoa aztertu ahal izateko. Izan ere, Josu Labaka Euskara batzordeburuaren eta Uemako lehendakariaren arabera, "argi dago hirigintzak eta lurralde antolaketak ere eragina dutela hizkuntzan".

Datozen urteetan Azpeitiko hainbat tokitan eraikiko dituzte etxebizitzak –batzuk eraikitzen hasi dira dagoeneko–, hala nola Esklabetan, Esklabak-Iturtzulo eremuan, Alde Zaharrean, Frontoi Txikiaren ondoan, Bustinzuriko Errebalean eta Alberdienean. ELErekin aztertu dute gune horietan etxeak eraikitzeak zer eragin izan ditzakeen herriko hizkuntz errealitatean. "Herri baten etorkizuna marrazterakoan, etxebizitza kopuru handia egitera goazen honetan bezala, garrantzitsua da eraikitzeak hizkuntzan zer eragin izango duen aztertzea", esan du Euskara batzordeburuak.

Euskararen arnasgunea da Azpeitia; izan ere, 2016ko euskararen ezagutza datuen arabera, azpeitiarren %83,67 da euskalduna. Dena den, azken hogei urteotan 3,7 puntu egin du behera euskaldunen zenbatekoak. ELEren emaitzen arabera, etxebizitzek "nahiko eragin positiboa" izango dute herriko euskararen bilakaeran. Dena den, Labakaren ustez, euskara nagusi den herriek "hauskortasuna" dute, "gero eta erdaldunago" dira, eta garrantzitsua deritzo euskara politikaren "erdigunera" ekartzea. "Udalerri euskaldunetan Hizkuntza Sailetik sustatzen da euskara, baina garrantzitsua da politika orokorrean ere hizkuntz irizpideak ezartzea".

Gainera, Labakak uste du Udalak baduela erantzukizun bat hizkuntzaren normalizazioan. "Azpeitian euskaraz bizi gara nagusiki, herritarrek hala erabaki dutelako, eta etorkizunean ere hala izan dadin nahi dugu. Udalaren politikak ere hori babestu nahi du, eta horregatik da garrantzitsua zehar lerroetatik ere eragitea". Eragin linguistikoaren ebaluazioaren emaitzetan ikus daitekeenez, eta aurreikuspenen arabera, Azpeitian egingo dituzten etxebizitza berriek hizkuntzan izango duten eragina "nahikoa ona" da: "Azterketa soziologikoarekin ikusten dena da etxebizitza kopuru hori egiteak hizkuntzarengan ez duela eragin kaltegarririk izango, edozein kasutan neutroa edo positiboa izango da eragina, eta aurreikuspen horrek lasaitasuna ematen du". Hala eta guztiz, etxebizitza berriek euskararen eta euskal hizkuntz komunitatearen egoerari sor dakizkiokeen kalteak aurreikusteko eta horrek sor ditzakeen eraginak murrizteko neurriak proposatu dituzte.

Hainbat neurri

Eragin linguistikoa neurtzeko etxebizitza publikoen esleipenean ohiko hainbat neurri hartuko du Udalak, hala nola epe motzean herrian erroldatuta egotea eskatuko dute. Izan ere, horrek lagunduko du euskararen erabileraren eragina murrizten. Etxebizitza libreen kasuan, berriz, orain arte eraikitako etxebizitza multzoak hartu dituzte kontuan gainerakoen aurreikuspena egiteko. Ebaluazioaren arabera, herriko jendeak eta inguruko herrietako bizilagunak izango dira horiek eskuratuko dituzten gehienak.

Etxebizitza publikoen eragin linguistikoaren intentsitatea garrantzia gutxikoa izango dela azaldu du Udalak. Hain zuzen ere, eragina gune jakin batzuetan nabarituko dela aurreikusten du erakundeak, jatorri anitzeko herritarren biztanleria gune zehatz batzuetan nabari delako. Hori dela eta, gune horietan eraikiko diren etxebizitzen esleipenean neurriak hartuko ditu erakundeak. Etxebizitza libreek, berriz, euskararen erabileran eta ezagutzan eraginik ez dutela izango aurreikusten du erakundeak. "Orain arteko erroldek erakusten dute bertakoek eta inguruko herrietako bizilagunek erosi dituztela etxeetako asko. Eragina izatekotan, beraz, etxebizitzak eraikitzeko fasean nabarituko dira. Horregatik, garrantzitsua da hizkuntza irizpideak ezartzea".

Hizkuntza paisaiaren garrantziaz ere ohartarazi dute ELE gauzatu dutenek, baita zerbitzuen eskaintzaz eta komunikazioaz ere. Horiek eragin linguistikoa sor dezaketela uste dute, eta euskararen presentzia bermatzeko, esku hartzeak garrantzitsuak izango direla azaldu dute. Gainera, hizkuntzan eragin zuzena duten paramentroak ere jaso dituzte planean; besteak beste, eraikin berrietako bizilagun kopurua zaindu, adin nahasketa bultzatu eta espazio publiko irekiei askotariko erabilera eman.

Neurri horiek guztiak ondo betetzen direla bermatzeko, Jarraipen Batzordea osatuko dute Udal ordezkariek, Azpeitiko Euskara Batzordeko kideek eta Uemako ordezkariek.