Autobus enpresetako langileek greba egingo dute lau egunetan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 11a, 15:09

Urola Kostan, Lurraldebuseko langileek erabaki dute grebarekin bat egitea. Ostiralean, larunbatean, hilaren 20an eta 21ean egingo dituzte protestak, baina oraindik zehazteke dituzte eskainiko dituzten gutxiengo zerbitzuak.

Gipuzkoako 30 autobus enpresa inguruk greba egingo dute lau egunetan. Ostiralean, larunbatean, hilaren 20an (ostirala) eta hilaren 21ean (larunbata) egingo dituzte protestak, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta. Urola Kostako autobus zerbitzuei dagokienez, Lurraldebuseko beharginek greba egitea erabaki dute, eta, guztira, 50 bat langile daude protestara deituta. ELAk jakinarazi duenez, Pesak ez du greba egingo, bere akordioa duelako enpresa horrek.

Sindikatuak adierazi duenez, autobus enpresek Gipuzkoako lan hitzarmena izan dute indarrean, eta aurre akordioa sinatuta bazuten ere, joan den ekainaren 30ean, hitzarmena sinatzeko egin zuten bileran, patronalak ez zuen puntuetako bat onartzerik nahi izan. Hain zuzen ere, dietak ordaintzea arautzen zuen puntua izan da alde bien desadostasuna sortu duena. "Gipuzkoako lan hitzarmenean ez dago ondo erredaktatuta dieten puntua, eta patronala horretaz baliatzen da dieten araudia ez aplikatzeko".

Gutxiengo zerbitzuei dagokien ebazpenaren zain dira bi aldeak, eta, beraz, oraindik ez dakite zer zerbitzu izango den martxan greba egun horietan. Dena den, ELAk aurreikusten du grebak autobus linea dezenteri eragingo diela.