Lau urterako lan hitzarmena sinatuta, greba bertan behera utzi dute Sammic-eko langileek

Uztarria.eus 2018ko uzt. 10a, 20:47
Sammic-eko langileek greba iragarri zuten eguneko irudi bat.

Gaur goizean lortu dute hitzarmenaren akordioa langileek eta zuzendaritzak, eta arratsaldean sinatu dute lan itun berria. Inaplikazio klausula ezartzea, eta lau urte pasatuta, hitzarmena hamazortzi hilabetez luzatzea jaso dute lan hitzarmen berrian. Langileak "gustura" agertu dira lan itun berriarekin. Hamabi egun egin dituzte greban Sammic-eko beharginek, eta greba bertan behera utzita, behargin batzuk gaur arratsaldean bertan hasi dira lanean; gainerakoak bihar hasiko dira.

Greba mugagagabean zazpi egun egin ostean, Sammic enpresako langileek eta zuzendaritzak lan hitzarmen berria adostu dute. Gaur goizean erditsi dute akordioa bi aldeek, eta arratsaldean sinatu dute hitzarmena. Behargin batzuk gaur bertan hasi dira lanean, eta bihar hasiko dira besteak.

Greban egin dituzten egun horietan, behin baino gehiagotan elkartu dira langileak eta zuzendaritza hitzarmena negoziatzeko, baina gaur arte ez dute akordioa erdiesterik lortu. Gaur goizean lantegian egin dute bilera Langileen Batzordea osatzen duten ELAko eta LABeko ordezkariek eta zuzendaritzako kideek, eta eguerdirako hitz eman dituzte lan hitzarmen berriko puntuak.

Lau urterako hitzarmena da sinatu dutena, eta joan zen ostegunean bi aldeek egindako bileran blokeoa eragin zuen "marra gorria" gainditu dute. Inaplikazio klausulak eragin zuen desadostasuna batzar hartan; hau da, enpresak hitzarmena aldatzeko edo ez aplikatzeko aukera izatea jarri zuen baldintza gisa, eta langileek ez zuten puntu hori onartu. Gaurko bileran, baina, sinatutako akordioan jasotakoa errespetatuko duela adierazi zuen zuzendaritzak.

Gainera, hitzarmena indarrean izango den lau urteak pasatzen direnean, eta itun berria sinatu bitartean, beste hamazortzi hilabetez bete beharko du enpresak lan hitzarmena. Langileen ordezkarien ustez, bi puntu horiek lortzea bera "asko" da. Horrez gain, Langileen Batzordeak jakinarazi duenez, soladatak igotzea ere erdietsi dute bi aldeek, baita enpresako sailetako soldatak berdintzea ere. Gainera, lan ordutegia malgutzea ere jaso dute lan itun berrian, besteak beste.

Langileen ordezkariek Uztarria.eus-i azaldu diotenez, "gustura" daude lan hitzarmen berriarekin. "Hamabi egun egin ditugu greban, eta gustura gaude. Izan ere, gehiago lor zitekeen, baina gutxiago ere bai. Beraz, gustura gaude lortutako hitzarmenarekin".

Hainbat greba egun

Basarte industriagunean kokatuta dagoen enpresako langileek joan zen ekainaren 11n hasi zituzten lan hitzarmen duina aldarrikatzeko protestak, negoziazioa ez atzera eta ez aurrera zegoelako. Izan ere, orain arte izan dute hitzarmena 2017ko abenduaren 31n gelditu zen bertan behera, haren balioa agortuta. Langileen Batzordeak jakinarazi zuenez, iazko azaroan helarazi zion hitzarmen berria osatzeko proposamena zuzendaritzari.

Babes handiarekin erabaki zuten langileek greba hastea: 105 langilek eman zuten aldeko botoa, 15ek kontrakoa eta bostek boto zuria. Lehen aste hartan bi egunetan egin zuten greba, eta bigarrengoan, hirutan. Ondoren, uztailaren 2an, hasi zuten greba mugagabea.

Greba egun horietan guztietan enpresaren atarian izan dira langileak protestan, eta hainbat elkarretaratze ere egin dute. Hamabi greba egunen eta hainbat protestaren ostean, baina, lortu dute lan hitzarmen berria hitzartzea Sammic-eko langileek eta zuzendaritzak