Auto klasikoen rallya egingo dute larunbatean

Uztarria.eus 2018ko uzt. 11a, 11:17

Egiaztatzeak 09:00etan egingo dituzte, Euskal Herria auzoko plazan, eta lehia 11:00etan hasiko da. Partaideek bederatzi zati osatu beharko dituzte, eta autoek ezingo dute orduko 50 kilometroren langa igaro.

Auto klasikoen XV. rallya egingo dute larunbatean. Egiaztatzeak 09:00etan egingo dituzte, Euskal Herria auzoko plazan, eta lehia 11:00etan hasiko da. Partaideek bederatzi zati osatu beharko dituzte: Azkarate, Karabieta, Udana, Barbarri, Matxinbenta, Aia, Zarautz, Zestoa, Aizarna eta Azpeitia. 25 urte baino gehiago dituzten autoekin parte hartuko dute gidariek, eta orduko 50 kilometroren langa ezin izango dute igaro. 

Dagoeneko 70 gidarik eman dute izena larunbateko rallyrako; gehienak Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dira. Orain arte izena eman dutenen artean autorik zaharrenak 1964koa eta 1966koa dira: Jexux Lizasoren Renault Rodeoa eta Ruben Lapuenteren Renault Gordinia.