Ekoetxeak bi ikastaro antolatu ditu uda sasoirako

Uztarria.eus 2018ko uzt. 10a, 16:31
Kokedama teknika erabilita hazitako landarea.

Lehena igandean izango da, eta kokedama landareen hazkuntzarako teknika ezagutu ahal izango dute bertaratzen direnek. Bigarren saioa, artoaren ingurukoa, abuztuaren 26an izango da. Bi ikastaroetarako izena aurrez eman behar da, Ekoetxeara deituta.

Uda sasoian ere familientzako ekintzak eskainiko ditu Azpeitiko Ekoetxeak. Hain zuzen ere, uztailaren 15ean eta abuztuaren 26an kokedama teknika lantzeko eta artoa lantzeko ikastaro bana eskainiko dute bertan, hurrenez hurren.

Igande honetan landareen hazkuntzarekin lotutako Japoniako kokedama teknika ezagutu ahal izango dute bertaratzen diren lagunek. Loreontzirik gabe eta goroldioarekin landareak mantentzen irakatsiko dute 11:00etatik 12:30era bitartean. Eskulan hori 6 eta 12 urte bitarteko haurrek nahiz horien familiek egin ahal izango dute.

Abuztuaren 26an, berriz, artoa aletzen, ehotzen, taloak egiten eta artaburuen hostoekin eskulanak osatzen ikasi ahal izango da Ekoetxean. Saioa 11:00etatik 12:30era izango da, eta 6 eta 12 urte arteko umeei eta horien familiei zuzenduta dago.

Bi ikastaroak doakoak dira, baina izen-ematea mugatua izango da. Hori dela eta, aurrez eman behar da izena Ekoetxeako 943-81 24 48 telefonora deituta.