Ostiral honetan itxiko dute babestutako etxebizitzetan izena emateko epea

Uztarria.eus 2018ko uzt. 10a, 14:40
Esklabak-Iturtzulo eremuko etxeen irudia. (Azpeitiko Udala)

Etxebiden alta eman behar da Udalak Esklabak-Iturtzulo eremuan eraikiko dituen etxebizitza babestuetan eta tasatuetan izena emateko. Internet bidez edo udaletxean dokumentazioa aurkeztuta egin daiteke eskaera. Udalak gogorarazi du Azpeitia Berritzenen eskaintzen dutela eskaerak egiteko laguntza.

Udalak hainbat etxebizitza babestu eta tasatu eraikiko ditu herriko hainbat gunetan; –horietatik 129 etxebizitza Esklabak-Iturtzulo eremuan–, eta etxebizitza babestu guztietan izena emateko epea ostiralean, hilaren 13an, itxiko dute. 

Etxebiden alta ematea beharrezkoa da etxebizitzen zozketan sartu ahal izateko, eta bi modu daude horretarako: Interneten eskaera bete edo udaletxean dokumentazioa aurkeztu. Udalaren arabera, "asko" dira azken egunotan Etxebideko alta eskaera Internet bidez egiterakoan zalantzak sortu eta udaletxera jo duten herritarrak, eta horiei Azpeitia Berritzenera jo dezaketela gogorarazi die erakundeak.

Udalak azaldu du udaletxean aurkezten diren eskaera guztien tramiteak erakundeak bermatuko dituela; ez, ordea, Internet bidez egindako eskaerak. Gainera, gogorarazi du Etxebiden alta emateaz gain, etxebizitzak erosteko atalean izena emanda egon behar dela zozketan parte hartzeko. "Horregatik, Etxebideko alta eskaera ondo egina duten baieztatzea gomendatzen diegu herritarrei, behin epea bukatuta ez dagoelako atzera bueltarik", azaldu du Udalak.

Etxebizitzen edo eskaerak egiteko baldintzen inguruko zalantzak dituztenek edo izena emateko dokumentazioarekin laguntza behar dutenek Azpeitia Berritzenera jo dezakete. Nahi duenak, gainera, 943-15 71 83 telefonora deitu edo azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatz dezake.

Joan den maiatzaren amaieran iragarri zuen Udalak 129 etxebizitza babestu eta tasatu eraikiko zituela Esklabetako eraikinaren atzean, eta ekainaren 22a bitartean, informazioa jasotzeko bulegoa ere ireki zuen Betharrameko erakusketa aretoan.