Aritz Orbegozo: "Jendeak asko eman du eta oso-oso polita izan da Marea Urdina"

Uztarria.eus | Gizartea | Bideoa
2018-07-09 17:09

"Nekatuta, txikituta" dago gaur Aritz Orbegozo (Azpeitia, 1975), baina baita "oso pozik" ere, Marea Urdina egitasmoa borobildu duen itsas zeharkaldiaren biharamunean.

"Hiru egun itsasontzian sartuta" eman dituzte Orbegozok eta Marea Urdineko taldekideek. Izan ere, "lotu beharreko gauza asko zegoen: zeharkaldi herrikoiak, Gurutze Gorriaren dotazioak, piraguistak, palistak... 550 bat igerilari zeuden gure kargura, Gipuzkoa osoko kostan zehar". Baina, azkenean, "dena ondo irten zen" eta lasaitu handia izan zen hori antolatzaileentzat: "Itsasoa kontrolatu ezin den ingurunea izanda, kezka handia ematen zigun horrek. Pronostikoa ona zen, mantendu egin zen, eta eguraldia ere bai. Oso ondo irten da dena, baina tokatu zitekeen bestelakorik. Zapatu goizean seiretan esnatu ginen, euritan, eta ‘ene, zerk pasatu behar du?’. Baina gero hobera egin zuen eguraldiak, zeharkaldi normaletan oso ondo pasatu genuen, baina herrikoietan... Ezusteko handia izan zen jendeak nola egin zuen bat egitasmoarekin, jendea nola emozionatu zen, zenbat txalo... Gauza politak bizi izan genituen itsasontzitik, eta gero uretan ere bai".

Orbegozok izendatuta zituen hainbat itsas-milia, eta horiek igeri egiteko aukera izan zuen; tartean, anai-arrebekin batera Donostiako Kontxa eta Zurriola hondartzen artean osatu zuena, autismoa duen Luken semearen izenean anai-arrebek erosia; edo bere amak erositakoa, hura ere Lukenen izenean. Bi egunetan bizitako "une guztiak oso bereziak" izan zirela dio Azkoitian bizi den azpeitiarrak, baina bakarren bat hautatzekotan, zapatuko etaparen bukaerarekin gelditu da. "Hango Berdin-Berdinak inklusioaren aldeko taldeak eta Orioko Udalak oso harrera polita egin ziguten. Azken milia egiteko prestatu ginen laurok, eta polita izan zen Nekane emaztea, Alba alaba, Luken eta laurok han elkartzea", azaldu du, hunkituta.

Gaur, nekearekin batera, "poz handia" sentitzen du Orbegozok. "Erronka, hasieran, handia zen, baina era berean, planteamendua txikiagoa zela uste dut. Baina Marea Urdina esponentzialki hazi zen, eta oso azkar. Dimentsio handia hartu zuen eta horrek bertigo pixka bat ematen zuen. Ostiralean itsasontzira joan ginenean, denok geunden nahikoa urduri; beldurtuta ez, baina arduratuta. Dena oso ondo irten zen, jendeak asko eman zuen eta uste dut oso-oso polita izan zela. Igerilari guztiek gozatu zuten eta hori zen helburua. Zarata ateratzeko asmoa genuen, baina hori aterata genuen aurretik; asteburukoa bukaera izan da, eta oso bukaera polita izan da. Bikaina izan zen, edo are gehiago".

Etxeko lanak egiteko garaia

Autismoa gizarteratzeko helburuarekin jaio zen Marea Urdina, behar bereziak dituzten haurren eta haien familien errealitatea eta beharrak plazaratzeko, eta helburu hori ondo baino hobeto lortu duela uste du Orbegozok. "Uste dut urte osoan erakutsi digula gizarteak, kasu honetan gure bailarak, sentsibilizazio lan hori eginda dagoela, eta bigarren pausoa emateko ez dagoela inongo arazorik".

Uda ostean "etxeko lanak egiten hasteko ordua" iritsiko zaiela azaldu du. "Orain da unea hasteko hitz egiten erakundeekin, udalekin, adierazteko bailaran, edo Azkoitian, nahi dugula behar bereziak dituzten ume hauentzat, galduta eta noraezean gelditzen direnentzat, egitura bat sortzea; elkar ezagutzeko eta elkartzeko, gure umeentzat zerbait batera egiteko gune bat. Horrelako zerbait daukagu buruan eta hori zen helburua. Marea Urdinak ekarpen ona egin du, harrera ona izan du, benetan zalaparta handia sortu du. Zarata asko-asko atera du, Gipuzkoa guztian zabaldu da, eta hori eskertzekoa da".

Esker ona da, hain zuzen ere, Orbegozok eta kideek Marea Urdinarekin modu batean edo bestean bat egin duten guztientzat adierazi nahi dutena: "Denekin gaude eskertuta; banaka eskertzen hasi ezkero, ez genuke inoiz bukatuko. Orokorrean, gizarteak pila bat lagundu digu eta lortu dugun guztia herritarrek eman diguten laguntzari esker izan da; eta ez bakarrik bailarako herritarrek, ikustekoa izan baita kostaldeko herrietako jendeak zer-nolako harrera egin digun. Marea Urdina bere egin dute, eta marea urdin bihurtu dira beraiek ere".

(Goiko bideoan, Marea Urdina itsas-zeharkaldia atzo arratsaldean Hondarribira iritsi zeneko irudiak ikus daitezke. Behekoan, berriz, Hondarribian bertan ospatu zen amaiera festan Marea Urdinaren abestia kantatu zutenekoa. Bi bideoak Bidasoako Hitzarenak dira)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa